San Mamesen ere lehenengo berba euskaraz

uriola.eus 2019ko ots. 22a, 12:37

Bihar, otsailak 23 (larunbata), Athletic eta Eibarren arteko partidan, eskuorri batzuk banatuko dira, "San Mamesen ere…lehenengo berba euskaraz" goiburuarekin. Aldi honetarako, 30.000 eskuorri argitaratuko dira.

Bilboko Udalak kanpaina bat egingo du euskararen alde San Mamesen, herritarrak animatuz lehenengo berba euskaraz egin dezaten beti. Oraingo honetan, Bilboko Udalak, Athletic Clubekin elkarlanean, kirolaren mundura hurbilarazi nahi du euskara.

Helburua da ahalik eta pertsona gehienengana iristea, jendea animatzea lehenengo pausu hori egin dezaten eta euskaraz hitz egin dezaten; dakienak euskaraz egin dezala. Eskuorria umorez idatzita dago, eta zaleei kontzientzia eragin nahi zaie, euskaraz bizi daitezen eta euskara goza dezaten kirolean izan ohi den giro barean.

Proiektu hau Bilboko Euskara eta Hezkuntza Sailaren helburuen artean kokatu behar da, alegia, euskara egunero erabil dadin sustatzea, gizarte elebiduna lortzearren, eta edozein elkarrizketatan lehenbizi erabiliko den berba euskaraz izan dadila. Hots, herritarrek naturaltasunez erabil dezatela. Oraingo honetan, Bilboko Athletic Cluben lankidetza izango dugu, berak ere apustu egin baitu euskararen erabileraren alde.