Bilboko Udalaren eta Euskaltzaindiaren arteko hitzamena berritu dute

uriola.eus 2019ko ots. 25a, 13:27

Erakunde biek luzatu egin dute 2008az geroztik indarrean dagoen hitzarmena, Bilbon kultur zabalkundeko jarduerak egiteko, euskarazko ikastaroak eta euskararen aldeko hitzaldiak eta erakusketak antolatzeko.

Era berean, Bilborekin eta euskararekin lotutako lanak edo biografiak argitaratuko dira; aurten, Euskaltzaindiaren idazkari den Xabier Kintanaren biografia argitaratuko da. Udalak Euskaltzaindiari 35.500 euroko diru-laguntza emango dio 2019rako, euskal literaturaren zuzeneko ikaskuntza eta ikaskuntza sakona bultzatzeko, euskararen erabilera sustatzeko Bilbon eta hizkuntzaren arloko aholkularitza ziurtatzeko.

Konpromiso hauek biltzen ditu gaur sinatutako hitzarmenak:

  • Euskaltzaindiak Bilboko Udalari laguntza eta aholkua emango dizkio, euskararen normalizazioan eta garapenean, bai hizkuntza berari dagokionez, bai eta hizkuntza gizarteratzeko lanetan ere.
  • Bilbok euskararekin izan duen lotura estua eta denboraren joanean bilbotarrek euskarari erakutsi dioten atxikimendua herritarren artean zabaltzeko asmoz, Bilborekin lotura izan duten pertsona esanguratsuen lanak eta bibliografiak argitaratuko ditu Euskaltzaindiak. Aurten Xabier Kintana euskaltzain osoaren biografia argitaratuko da.
  • Udazkenean berriro egingo da “Astelehen Buruzuria” zikloa, formatu akustikoan egiten den hitzaldien, jardueren eta musika-errezitaldien zikloa. Euskaltzaindiaren egoitzan egiten da eta helburu du euskararen eta euskal kulturaren zabalkundea.
  • Euskaltzaindiak hizkuntzaren arloko aholkularitza eskainiko die Udaleko sailei, bilbotarrei informazio egokia emate aldera.
  • Euskaltzaindiak Bilboko Plaza Barriko 15ean duen egoitzako zerbitzuak eta azpiegiturak eskainiko ditu kultur hedapenerako ekintzak, ikastaroak, hitzaldiak, erakusketak, liburuen aurkezpenak, kultura-ekintzei buruzko prentsa-aurrekoak eta bestelako ekimenak burutzeko, herri-erakunde eta elkarteekin elkarlanean.

Hitzarmen hori euskara sustatzeko Udalak duen ekintza-planaren barruan sartzen da eta hiru helburu estrategiko hartzen ditu bere gain: euskararen transmisioa, erabilera soziala eta hizkuntzaren kalitatea.