Bi egun baino ez dira falta bilbotarrek urteko jai lotsabakoenaz gozatzeko: 2019ko aratusteak. Otsailaren 28tik martxoaren 5era bitartean, Bilbko kaleak musikaz, ilusioz eta umore onez beteko dira. Giroa berotuko du beste behin ere Jai Batzorde Mistoak adin guztietarako prestatu duen jarduera-egitarauak.
Adin guztietako jendearentzako 50 jarduera baino gehiago izango ditugu datozen egunetan: kontzertuak, fanfarreak, umeentzako jarduerak, antzerki-ikuskizunak, topaketa gastronomikoa eta, nola ez, lehiaketak. Azken horien artean, mozorro-lehiaketa maitatua.
ARATUSTEAK OSPATZEKO MUSIKA
Otsailaren 28an, Eguen Zuri, sei eguneko jaiari hasiera emango diogu, hainbat jarduerarekin. 20:00etatik aurrera, Zazpikaleak Fritanga Elektrotxaranga taldearen musikarekin animatuko dira; Plaza Barrian, ordea, Itzalak taldeak kontzertua eskainiko du.
Tradizioari jarraituz, Farolín eta Zarambolasen epaiketa martxoaren 1ean, barikuan, 19:30ean, egingo da, Plaza Barriko karpan. Epaiketaren ostean, 20:30ean, Done Jakue plazan, Bilboko aratusteetako pertsonaia ezagun hauei iseka egingo die jendeak. Ikuskizunaren barruan, aratusteetako kopla txiki tradizionalak kantatuko dira.
Egun berean, kalean musika izango dugu: 20:45etik aurrera, Bilboko Udalak Bilbao Sozial Dantza antolatuko du: aretoko dantzen topaketa bat. Aratusteen espirituarekin nahastuta, Plaza Barria musikaz, kolorez eta dantzaz beteko da. Ikuskizunen gaua izango da; amaiera emateko, plazan bertan Asier Bilbaoren "Bilbao Mascarada” ikuskizuna izango dugu 22:30ean.
ZAPATUA, EGUN HANDIA: JARDUERAK ETA MOZORRO-LEHIAKETA
Zapatua, martxoak 2, aratusteetako egun handia da: hori ospatzeko, Bilbo jardueraz beteko da. 12:00etan, jai-esparruak –San Vicente, Ibañez de Bilbao, Zabalgunea, Colón de Larreategi, Albia eta Kale Nagusia– ateak irekiko ditu, festari eta giro onari sartzen uzteko. Kontzertuak, antzerkia, produktu gastronomikoen dastaketa eta salmenta, umeen tailerrak, fanfarreak, erraldoiak, gaita-joleak eta, nola ez, Aratusteetako Mozorro Lehiaketa izango ditugu egun osoan zehar.
16:30etik aurrera, Plaza Biribiletik irtenda, mozorrorik onenek kaleak hartuko dituzte, mozorro-lehiaketako kalejiran. Aurreko urteetan legez, epaimahaia Astarloa kaleko agertokian jarriko da 17:00etatik aurrera, arratsaldean desfilatuko duten talde eta konpartsen mozorroak ikusi eta baloratzeko.
Gainera, 17:30etik aurrera, nahi dutenak Berastegi kalera hurbil daitezke sardinarekin ‘selfie’ bat egitera. 19:30etik aurrera jaia Zazpi Kaleetan izango da, Done Jakue plazan aurrena eta Plaza Barriko karpan ondoren. Hain zuzen ere, 21:00etan hasita, mozorro-lehiaketako sariak banatuko dira karpan eta, amaitzeko, Passarela orkestraren dantzaldia izango da 22:00etan.
GASTRONOMIA ETA DANTZA LEHIAKETAK ETA AGURRA
Tradizioari jarraiki, martxoaren 3an, domeka, Indaba Lehiaketa egingo da. Goizeko lehen ordutik, Plaza Barria lapikoz eta sutegiz beteko da. 14:00etan amaituko da, sari-banaketarekin. Arratsaldez, 18:30ean, Gaztedi Dantza Taldeak kolorea emango dio egunari, “Zuberoako maskarada” ikuskizunarekin.
Eta aratusteei agur esateko unea martxoaren 5ean, martitzena, iritsiko da, ohitura triste batekin: sardinaren hileta. Tradizio bihurtu den ikuskizun hau 19:30ean hasiko da Plaza Barrian. Hortik aurrera, gorpua Arriaga plazaraino eramango du segizio batek. Udalak herritar guztiak animatzen ditu segizioan parte hartzera, doluz jantzita eta kandelak eramanez, ANTZERKI-EMANALDI bat eginez, aratusteei amaiera emango diena 20:00etan, sardina erretzen denean.
SEXU-ERASORIK GABEKO JAIEN ALDE
Jaien testuinguru honetan, Bilboko Udalak berriro ere gogora ekarri nahi du emakumeek eskubidea dutela jaiez lasai gozatzeko, sexu-erasorik gabe. Horretarako, kanpaina hau abiatuko du berriro ere: “No es No/Ez beti da Ez”. Bilboko Udalak leloa errepikatuko du; azpimarratu egin nahi du. Beharrezkoa baita, tamalez. Gainera, kanpaina berri honetan ideia bat nabarmenduko da: “BAIETZA ez den guztia, argi eta garbi esaten ez den guztia, EZETZA da”.