Martxoaren 8an, Emakume Langilearen Nazioarteko Egunean, 24 orduko greba egingo dute Euskal Herriko emakumeek. Lan produktibo zein erreproduktiboetan planto egingo dute, "beste eredu politiko, ekonomiko eta sozial baten alde" oihu egiteko.
Greba bost ardatzetan oinarrituko dela azaldu dute: zaintza greba, enplegu greba, pentsiodunen greba, ikasleen greba eta kontsumo greba. Era honetan, "bizitzak erdigunean" jarri nahi dituzte, "bizitzak sostengatzeko ardura kolektiboa" aldarrikatzearekin batera. Era berean, indarkeria matxistarik, prekaritaterik, arrazakeriarik eta kolonialismorik gabeko bizitzak aldarrikatu dituzte gaur Areatzan emandako prentsaurrekoan.
Greba egunean kaleak hartzeko eta eskualde zein auzoetako ekintzetan parte hartzeko deia luzatu diete emakume* guztiei. Bilboko mobilizazio nagusiak 12:30ean eta 19:00etan izango dira. Jesusen Bihotzetik abiatuta, goizean giza katea egingo dute eta arratsaldean manifestazioa.
Auzoetako ekintzak
Bilboko talde feministek eta emakume* taldeek hilabeteak daramatzate asanblada irekiak antolatzen eta grebaren nondik norakoak azaltzen. Horren ondotik, greba egunerako eta aurreko asteetarako hainbat ekintza antolatu dituzte. Momentuz, Uribarri, Deustu eta San Inazioko emakume* taldeek argitaratu dituzte euren auzoetako egitarauak.
Uribarrin greba eguna prestatzeko hainbat hitzordu jarri dituzte. Otsailaren 27an, asteazkena, kalejira egingo dute auzoko saltokietatik. Martxoaren 1ean, ostirala, neska gazteek "mitin feminista" emango dute, eta greba aurreko egunerako portalada, propaganda banaketa, kantaldia eta kazerolada antolatu dituzte.
Alde Zaharrean hainbat egunetan jarriko dituzte informazio guneak Unamuno plazan, eta Adaxka Kultur Elkartean finko bat egongo da hemendik eta greba bitartean. Zenbait lanegun ere ezarri dituzte, eta martxoaren 5ean, asteartea, dokumental internazionalista bat emango dute Zazpikatu gaztetxean. Greba egunerako, aldiz, propaganda, pikete-kalejira, hamaiketakoa eta Bilboko mobilizaziorako zutabea prestatu dituzte.
Deustun otsailaren 28an, osteguna, besoko moreak egin eta salduko dituzte Done Petri plazan, eta martxoaren 1ean, ostirala, kalejira zaratatsua egingo dute. Martxoaren 8an, gosari musikatua, kalejira eta Bilboko mobilizaziorako zutabea egingo dituzte, hurrenez hurren.
San Inazio eta Ibarrekolandako emakumeak* otsailaren 28an hasiko dira informazioa banatzen auzokideen artean. Greba aurreko egunean manifestazio zaratatsua egingo dute 21:00etan Ibarrekolandako metrotik abiatuta.
Martxoaren 8a kazeroladarekin hasiko dute. Ostean, gosaria eta auzo mailako geldialdia egingo dute, 11:00etatik 11:30era, Lebante plazatik Ibarrekolandara joango den manifestazioarekin batera. Ondoren, Deustuarrekin batera Bilboko giza katera joango dira, eta auzora itzuliko dira Errondoko Auzo Etxean bazkaltzera. Espazio hau goizeko 10:00etatik aurrera irekita egongo da greba sostengatzeko, zaintza kolektiborako eta borrokarako prestatzeko. Bazkalostean elkarretaratzea egingo dute Lebante enparantzan eta ostean Jesusen Bihotzetik 19:00etan abiatuko den manifestaziora abiatuko dira.