Bilboko 12 gune euskal kulturaren plaza bilakatuko dira. Festibalaren antolatzaileen helburuen artean: euskal sortzaile eta sorkuntza nabarmentzea; publiko berrietara heltzea; eta memorian sakontzea, iturri zaharren erreferenteetatik abiatu, proposamen berritzaileak plazaratzeko. Horien artean:
Musika
Musikarekin emango diote hasiera Loraldia festibalaren 5. edizioari. Joseba Sarrionandiaren unibertso poetikoa agertuko da kantuan; martxoaren 15ean, Arriaga Antzokian estreinatuko den Kalaportu: Joseba Sarrionandiaren lurralde poetikoa kantuz ikuskizunean euskal musikako hamaika izarrek parte hartuko dute, besteak beste: Eñaut Elorrieta, Mikel Urdangarin, Ines Osinaga, Miren Narbaiza, Rafa Rueda, Dana, Joseba Irazoki & Beñat Axiari, Audience, Harkaitz Cano eta Uxue Alberdi.
Dantza
Dantza arloko lehen ikuskaria Aukeran Dantza Konpainiaren Biz Hitza lanaren estreinaldia izango da, martxoaren 16an. Euskara batuaren bilakaera dantzaren bitartez irudikatuko du Aukeranek, Xabi Payak sortu duen gidoian oinarrituta. Eta edizio honetako dantzako bigarren hitzordua Basoa koreografiaren estreinaldia izango da, apirilaren 6an. Migranteen egoera salatu eta ikustarazten duen koreografia da.
Teatroa
Antzerkiari dagokionez, Loraldia Elkarteak bi produkzio propio sortu ditu festibalean estreinatzeko.
Martxoaren 22an Mundubira. Elkano, Primus ikuskariaren estreinaldia izango dugu. Patxo Telleriak sortutako gidoian oinarrituta, Juan Sebastian Elkano eta berarekin batera munduaren itzulerari amaiera eman zion marinel baten arteko elkarrizketa taularatzen da, musikaz lagunduta.
Literatura
Ekintza oso bereziak izango ditugu literaturaren alorrean edizio honetan: bi ekintza performatibo, omenaldi berezi bat, Munduko Poesia Egunaren ospakizuna eta hiru lan literarioen aurkezpena. Aurtengo festibalari hasiera emango diogu Joseba Sarrionandiaren unibertso literarioaren inguruko hitzaldi batekin, Lur bat idazteko: Pasieran Joseba Sarrionandiaren geografian, Iñigo Aranbarriren eskutik.
Hurrengo igandean, martxoaren 17an, emanaldi performatibo bat izango dugu: Hasier Larretxea poetak aita aizkolariarekin eta amarekin batera tradizioaren eta abanguardiaren arteko solasaldi sakon eta hunkigarria aurkeztuko digute; hitzak herriko doinu eta herri-kiroletako jardunarekin uztartzen diren Itzulerako bideetan barrenaizango da.