Errigora herri mugimenduak bost urte bete ditu aurten eta, ondorioz, '5 urte maite duguna elikatzen' kanpaina abian jarri du. Proiektuaren balioak helarazi nahi dituzte 2019 honetan. Produktuen eskaerak martxoaren 7 eta 22 bitartean egin ahal izango dira, webgunearen zein tokian toki banatutako eskuorrien bidez. Banaketak, apirilean -olioa eta kamisetak- eta maiatzean -kontserbak eta arroza- izango dira. Bilbon, Berbaizu euskara elkartearen lokalean izena emateko aukera egongo da, Ramón y Cajal kaleko 42 zenbakian. Uriolak hainbat produktu kutxa zozketatuko ditu.
Errigora mugimenduak 2013an egin zuen lehen kanpaina. Nafarroako hegoaldeko produktuen salmentarekin zonalde horretan euskara bultzatzeko dirua lortzea da ekimenaren oinarria. Produktu begetal ekologikoak ere eskaintzen dituzte, baita haien logoa duten kamisetak ere. Bertako produktuak bertako kontsumitzaileei saltzea da proiektuaren ardatzetako bat, karbono aztarna murrizte aldera; bestalde, auzolanean oinarritutako komunitatea sortzea da Errigoraren beste jomugetakoa.
Datuek joera positiboa erakusten dute. Bost urteen buruan, olio eskaerak hirukoiztu egin dira eta kontserbena laukoiztu. Guztira, Errigorak 240.000 litro olio eta 700.000 ontzi kontserba baino gehiago banatu ditu.