Bilbao BBK Live jaialdiak aurtengo kartela iragarri du gaur. Liam Gallagher 'Oasis' taldeko abeslaria da zerrendaburua. Guztira, 20 taldek baino gehiagok joko dute Kobetamendin uztailaren 11tik 13ra egongo den jaialdian.
Gallagherrek uztailaren 11n, lehen egunean, estatuko kontzertu bakarra emango du. Egun berean, Las Ligas Menores taldeak ere joko du, Argentinako pop independentearen azken aurkikuntza, baita Vetusta Morla indie rock bandak.
Uztailaren 12an, The Strokes eta Rosalia bezalako artista ezberdinak igoko dira oholtzara, eta, uztailaren 13an, larunbata, Damon Albarn-ek The Clash, The Verve eta Fela Kuti taldeetako kideekin osatutako The Good, The Bad & The Queen taldeak joko du, baita Nadie Rose rap-kantari britainiarrak.
Inguruko artistei dagokienez, lehenengo egunean pasa den urteko Banden Lehia irabazi zuen Belatz rock talde gernikarraren kontzertua egongo da, baita Gatibuko, Ken Zazpiko eta Willis Drummondeko kide izandakoek osatutako EraBaterarena. Uztailaren 12an, Anari eta Olatz Salvador kantautore euskaldunen emanaldiak egongo dira eta, uztailaren 13an, Nøgen talde donostiarraren txanda izango da.
Sarrerak salgai daude jada. Apirilaren 3ra arte eskuragarri dagoen eskaintzan, honakoak dira prezioak -gastuak aparte doaz guztietan-: bonua 145 euroan dago, kanpinarekin batera 160an, eta eguneko sarrerak 62 euro kostatzen du.