Eskaparateen atzean

Haizea Arriola 2019ko mar. 1a, 13:10

Bilboko kaletan barrena, multinazional modernoetako eskaparateei begira jarri naiz: ipurdi ezin hobea egiten duten push-up bakeroak salmentan, ostrukak bezain hanka luzedun manikiak, kolonia soil bat saltzeko akrobaten neurriko posturak egiten dituzten emakumeen iragarkiak…

Kristalez kristal, sentsazio itogarri batek hartu dizkit barrenak. Edertasun eredu bat eta bakarra ikusten dut eskaparate hauetan eta nire gorputza ez dator horrekin bat. Pixkanaka, frustrazioa haserre forma hartzen hasi eta galdera bat etorri zait burura: zein momentutan erabaki nuen eredu horri jarraitu nahi niola? Inoiz ez. Ez dut inoiz erabaki nire izterrak handiegiak direnik, ezta ilea lekuz kanpo dagoenik nire gorputzean edota nire aldakak zabalegiak direnik ere. Nik ez dut erabaki, sistema kapitalista heteropatriarkalak inposatu dit. 

Inposizio honetan neska gazteak gara kaltetuenak. Gaztaroa estereotipo zurrun hauekin bat etorri nahian ematen dugu, gure burua behin eta berriro zalantzan jarriz. Perfekzioaren mamuak etengabe jarraitzen digu eta batzuetan mamua izateari utzi eta jan egiten gaitu, gure bizitzak goitik behera prekarizatuz. Izan ere, patriarkatuarentzat ez gara inoiz nahikoa ederrak izango.  

Zein irteten da irabazle guzti honekin? Multinazionalak, sistema heteropatriarkalak aurrera jarraitzeko oinarrizko elementua direnak, gazteon miseriarekin jolastu eta esplotatzen gaituztenak. EAJ-PSE-EEren udalak eredu hau bultzatzen du, Bilbo hiria multinazionalek ustiatu eta turistek kontsumitzeko produktu bihurtzen duena, auzoen beharrak alboratuz. Esan gabe doa, postaleko hiri honetan neska lodi, arrazializatu edota iletsuak, errealak; azken finean, ez gara ongi etorriak.

Baina badago alternatiba. Eraiki dezagun denon artean,  txikitik eta kolektiboan auzoz auzo osatutako hiria; bazterretako identitateak zentrora ekarriko dituena, ikuspegi feminista azaleko mezuetan baino, sakonki eta integraltasunez txertatuko duen hiria. Eraiki dezagun neska* gazteok prekarizatzeari utzi eta bizitza erdigunean kokatuko duen hiria.

 

Haizea Arriola Prieto – Bilboko Ernaiko kidea