Martxoaren 8an Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzen dela-eta, aurten, Bilbok ezagutza agertu nahi die, eta omenaldia egin, emakume eta gizonen arteko berdintasun egiazko eta eraginkorraren alde lanean ari diren emakume guztiei.
Udala hasia da irudi bat zabaltzen, martxoaren 8rako diseinatua, emakumeak irudikatzen dituena Itsasadarrean zehar datorren olde handi baten gisa. Era horretan, Bilbok iaz bizi izandako egun historikoa gogoratu nahi da, milaka emakume atera baitziren eta kaleak inoiz ez bezala bete, sinbolismo handiz, berdintasun handiagoa aldarrikatzearren.
ESKOLETAKO TALDE FEMINISTEKIKO TOPAKETA
Egun hain seinalatu horretan, eta Bilboko emakume gazteen ekintza feministari ezagutza agertzearren, Udalak "Talde Feministen Lehenbiziko Topaketa" antolatu du Bilborock aretoan, Uriko ikastetxe batzuetan eta besteetan eratu diren taldeentzat: datorren martxoaren 7an izango da, arratsaldeko 19:00etan.
Topaketa horretan, ezagutza agertuko zaie 2011tik Bilboko 13 ikastetxetako talde feministetan parte hartu izan duten gazteei, egindako lanarengatik. "TALDE FEMINISTAK BILBOKO IKASTETXEETAN" izeneko dokumentala proiektatuko da, talde feministetan parte hartzen duten pertsonen lekukotzak jasoz, eta, ekitaldia amaitzeko, kontzertu bat izango da, La Basu, Sokolé eta AneGuriaren eskutik.