Kalaportu ikuskariak emango dio hasiera Loraldia Festibalaren bosgarren edizioari

uriola.eus 2019ko mar. 4a, 18:14

Joseba Sarrionandia euskal idazlerik musikatuena da. Kalaportu sentikariak Iurretako poetaren sormen lurraldea kantuen bidez irudikatu nahi du.

Kalaportu: Joseba Sarrionandiaren lurralde poetikoa kantuz ikuskizunak hasiera emango dio Loraldia Festibalaren 5. edizioari. Martxoaren 15eko iluntzean estreinatuko da ikuskaria, Bilboko Arriaga Antzokian. Gaurko aurkezpenean, Loraldia Festibalaren produkzio arduraduna den Aitor Narbaizarekin batera, Audience taldeko Gaizka Insunzak parte hartu du, artista guztien ordezkari moduan; eta AEKtik, Asier Amondok, Korrika arduradunak.

Ikuskaria

Joseba Sarrionandiaren testuak sarritan bihurtu dira kantu. 145 kantu burutu dituzte poetaren poemekin. Zalantzarik gabe, euskal idazlerik musikatuena da. Ikuskari honek Sarrionandiaren testuekin sortutako kantuen bilduma plazaratuko du.

Kalaportu: Joseba Sarrionandiaren lurralde poetikoa kantuz sentikariak Iurretakopoetaren sormen lurraldea kantuen bidez irudikatu nahi du. Horretarako hamaika kantari eta bi idazle bilduko ditugu tauletan. Kontzertu poetikoa izango da, Sarrionandiaren sormenarekin bat egiteko bide musikatu zirraragarria. 

Ikuskizunak Gure oroitzapenak proiektuan du abiapuntua. Gure Oroitzapenak egitasmoa izen bereko poesiatik abiatzen da. Aurrena, film bat burutu dute, hamabi zinegilek eginiko film kolektiboa. Bigarrenez, kantu, testu eta poemen bilduma den disko-liburua. Eta azkenik, sentikaria: Kalaportu. Sarrionandiaren poesia musikatua eszenan. 

Korrika kulturalarekin elkarlana

Loraldia Festibala eta Korrikaren artean lotu den elkarlanari esker, KorrikaKulturalaren egitarauaren baitan Kalaporturen emanaldiak eskainiko dira Euskal Herriko hainbat tokitan. 

Horrela, martxoaren 15eko Bilboko estreinaldiaren ondoren, Kalaportu: Joseba Sarrionandiaren lurralde poetikoa kantuz Euskal Herriko beste lau hiriburutan eskainiko da:  Gasteizko Principal Antzokian, martxoaren 21ean; Baionako Antzokian martxoaren 23an; Donostian, Victoria Eugenia Antzokian, martxoaren 24an; eta Iruñako Gayarre Antzokian, martxoaren 28an.