Antzerkiak, ipuin kontaketak eta haur eta gurasoentzako tailerrak

uriola.eus 2019ko mar. 5a, 11:30

Ikusi eta Ikasi programak familientzako hainbat tailer, antzerki eta ipuin kontaketa egingo ditu aste honetan Deustu, San Ignazio eta Begoñan. Aisialdirako kultur jarduerak antolatzen ditu programak, 4 eta 8 urte bitarteko gazteei zuzenduta.

Asteazkenean, martxoak 6, Contact-kids tailerra emango dute Euskararen Etxean (Agoitz plaza 1). Bi saio egongo dira, lehena 17:15ean eta bigarrena 18:30ean. Kontaktu fisikoaren, jokoaren eta mugimenduaren bitartez ume eta gurasoen arteko komunikazioa sakontzeko metodologia da contact-kids, eta gorputz mugimenduaren bitartez, umeek beren gaitasun motoreak eta berenganako konfiantza indartzeko erabiltzen da.

Ostegunean antzerkiaren txanda izango da, Begoñako udaltegian 18:00etan. Boli Bili Boli paperezko txotxongiloak protagonista dituen umorezko ikuskizuna da. Ikusleak naturara hurbiltzeko poema txikia da, irudimenezko liburuetan murgildu eta haien poesia sortzera bideratua.

Aste honetako azken saioa, martxoaren 9an izango da, larunbatean. Sehaska kantak eta usain belarrak entzun! izeneko ipuin kontaketa egingo dute Deustuko Bidarte udaltegian, eguerdiko 12:00etan. Juan Kruz lgerabideren Amilami eleberrian oinarrituta eta tradiziozko kontakizunetatik abiatuta, laminen istorioak kontatzen dira gertaera fantastikoak egungo gizartean kokatuz. Ongiaren eta gaizkiaren arteko borroka dago istorioaren muinean eta, laminen istorioez gain, usain-belarrak, sehaska-kantak, aho-korapiloak eta instrumentu ezberdinekin egindako musikak ere txertatzen dira kontaketaren baitan.

Ikusi eta Ikasi programa Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza Sailak eta Euskaltzaleen Topaguneak sustatutako proiektua da. Helburua 4 eta 8 urte bitarteko gazteei zuzendutako euskarazko zerbitzuak esakintzea da, aisia eta kulturarekin lotutako jarduerak proposatuz.