Joan den urteko abenduaren 3an amaitu zen Euskaraldiaren lehen esperientzia. Bigarrena 2020an izango dela adierazi zuen Euskaltzaleen Topaguneak. Aurretik, baina, 21. Korrikak zeharkatuko du Euskal Herria, eta bertan ahobizi eta belarriprest jarduteko deia egin dute Euskaraldiaren eta Korrikaren antolatzaileek.
"Klika eta inertziak apurtzea eskutik doazen ekintzak dira". Hala mintzatu da Mertxe Mugika AEKren koordinatzaile nagusia gaur, Bilboko Itsasadarra museoan emandako prentsaurrekoan. Euskaraldian parte hartu dutenek "euren hizkuntza-praktikak aztertu" eta ohiturak aldatzeko erabakia hartu zutela gogorarazi du.
Jasone Mendizabal Euskaltzaleen Topaguneko zuzendariak dei egin die ahobizi eta belarriprest guztiei "euskarazko hizkuntza-praktikak zabaltzen jarraitzeko, aldatutako ohitura horiei eutsi eta euskarazko harremanak zaintzeko". Egunerokoan egin beharreko ariketa horrek testuinguru ezin hobea izango du Korrikan, Garestik Gasteiza, apirilaren 4tik 14ra.
Hala, ahobizi eta belarriprest guztiei dei egin diete ikurrekin eta portaerekin ohitura-aldaketa hori ikusaraztera, "AEK-k aurten egin duen proposamenari jarraituz, Klika egiteko, aldaketak eragiteko, urrats berriak emateko".