'BIZ HITZA' ikuskizuna martxoaren 16an estreinatuko da, Loraldiaren baitan

uriola.eus 2019ko mar. 15a, 10:40

Arriaga Antzokiak hartuko du Aukeran Dantza Konpainiak eta Euskaltzaindiak ekoiztutako ikuskizuna. 

Aukeran Dantza Konpainiak eta Euskaltzaindiak sortutako 'BIZ HITZA' ikuskizuna Loraldia jaialdiaren baitan estreinatuko da. Ekoizpenak euskara batuaren istorioa kontatzen du dantzaren bidez. Euskaltzaindiak, bere mendeurrenaren ospakizunaren testuinguruan, euskararekin zerikusia zuen pieza sortzeko eskatu zion Aukeran Dantza Konpainiari, eta emaitza martxoaren 16an ikusi ahal izango da Arriaga Antzokian.

Euskal kulturaren hainbat figura garrantzitsuen elkarlanaren fruitu da 'BIZ HITZA': Edu Muruamendiaraz da zuzendaria, Xabi Paya gidoilaria; Aukeran Dantza Konpainiak koreografia sortu du, Aitor Etxebarriak musika; Ainhoa Aierbe zuzendaritza eszenikoaz arduratu da eta Oskar Armendariz jantziez. Bestalde, Aukeran Dantza Konpainiako bederatzi dantzarik osatuko dute ikuskizuna.

Aukeran Dantza Konpainia 1997an sortu zuen Edu Muruamendiaraz dantzari eta koreografoak. 'BIZ HITZA' ez da izango Loraldian estreinatuko duten haien lehenengo lana; 2016an, 'MAURIZIA' ikuskizuneko lehen emanaldia eskaini zuten festibalean.