Hain justu, horregatik, herri mugimendu honek behin ere ez du zalantzan jarri aurrera egitea, eta fase bat ixtearekin batera abiatuko du berri bat aste gutxi barru. Hilabeteotan bere buruari egin dizkion galderak dira zergatik, zertarako eta nola egin behar duen aurrera eta GEDren kideok hausnarketa parte hartzaileen bidez erantzun diegu galderei; argi eta sintonian erantzun ere.
Zergatik?
Abagune politiko honetan herritarrok jokatzen ari garen paperak zedarrituko duelako etorkizuna, hein handi batean. Haize antidemokratikoei eta atzerakoiei aurre egin eta gero eta ageriagoak diren hormak eta harresiak gainditzeko ezinbestekoa da gizarte zibil aktibo eta ahaldundua. Urtez urte, gero eta jende gehiago mobilizatu da aldarrikapen honen eta kultura demokratiko berri baten alde Euskal Herrian. Esparru askotan ematen ari den ahalduntze sozial eta kolektibo erraldoiari esker, herritarrok lortu dugu erabakitzeko eskubidea normaltasunera ez ezik agenda politikoaren erdigunera ere ekartzea. Urrats eraginkorrak egiteko unea da orain.
Zertarako?
Euskal Herriko lurraldeetan erabakitzeko eskubidea gauzatu ahal izateko, erreferendum bidez, normaltasunez, libre eta demokratikoki, eta berme guztiekin. Horretarako jaio ginen eta helburu horri inoiz baino indar gehiagorekin helduko diogu, bost urteotan sortutako oinarriaren gainean eraikitzen hasteko.
Eta nola?
Elkarrekin. GEDren bost urteko ibilbide honek ezer erakutsi badio herri honi da bat eginda soilik lortuko dugula korapiloa askatu eta aurrera egitea, etorkizun hobe eta justuago baterantz. Herritarrok jabetu gara helmugak batu egiten gaituela eta norabide berean ematen dugun pauso bakoitzeko, hurbilago gaudela jomugatik. Horregatik, argi dugu datozen hilabeteetan bi ardatz nagusiak, ahalduntze soziala eta erabakitzeko eskubidea gauzatzearen aldeko jendarte mailako indar bilketa izan behar direla.
Martxoaren 31n ekitaldi berezi batekin abiatuko dugu etapa berria, Bilboko Euskalduna Jauregian. Lerro hauek irakurtzen ari zarela baliatuz, jakin Gure Esku Dagoren webgunean izena ematen baduzu, leku bat gordeko dizugula.
‘Egin dezagun bidea’ da ekitaldiaren leloa, eta bigarren esaldi batek eman dio zentzua izenburuari: ‘Ezer ez denean ziurra, dena da posible’. Hain justu, horregatik, orain da momentua. Ametsetatik erronketara pasatzekoa, utopiei helburu deitzen hastekoa. Azken asteotan Kataluniatik eta demokraziaren aurkako epaiketatik iritsi zaizkigun duintasunezko lezioetan hamaika arrazoi gehiago pilatu zaizkigu aurrera segitzeko.
Erabakitzea ez da amets bat. Eskubide bat da. Eta eskubide hori gauzatzea posible egingo dugu. Izan ere, bere deklarazio gogoangarrian Jordi Cuixartek, Marcelino Camachoren esaldi bati erreferentzia eginez, adierazi bezala: “Grebarako eskubidea greba egiten irabazten da. Manifestaziorako eskubidea, manifestazioak eginez. Eta guk diogu erabakitzeko eskubidea bozkatuz irabazten dela”.