Aratusteak19

Mozorroz jantzi da Bilbo azken urteotako aratusterik eguzkitsuenean

uriola.eus 2019ko mar. 7a, 09:48

Sardinaren hiletarekin bukatzen dira Bilboko Aratusteak. Bederatzi egunetan zehar kaleak mozorroz, kolorez eta irriz bete dira herritarren parte-hartzea erdigunean jarri nahi duten Aratusteetan.

Aratusteak berotzen joan ziren kopla txikien soinupean, Bilboko tradizio hau 1515. urtean dokumentatua dago lehenengo aldiz, baina berreskuratu direnetik indartsu gaurkotu dira sasoi honetara. Sarkasmoz, ironia finaz eta kritikaz murgildu ziren bilbotarrak eta, horrela, osteguneko txaranga eta kontzertura animatu ziren, Kafe Antzokian hasitako musika-giroa Zazpi Kaleetan zabaltzeko.

Eta horrela heldu zen barikua, Farolin eta Zaranbolasen egun handia. Prestu agertu ziren haien atxiloketara Xabi Aburruzaga trikitilaria, Farolin, eta Miren de Miguel sopranoa, Zaranbolas. Atxilotuak izan ostean, antzinako pertsonaiez (Higi, Hartza, Fraisku, Momo, Monja eta Turko) inguratuta fanfarrean hurbildu ziren Plaza Barriraino. Bertan, epaiketa herrikoia jazo zen eta, han ziren hiritarrek parte hartu zuten eta errudun izendatu zituzten.

Zapatu Erregularra

Urtero bezala, aurten ere gastronomia izan da Aratusteen ildoetako bat. Guztien dastamenerako sasoiko platerak dastatu ditugu jada tradizio diren pontxe eta torrada eta indaba txapelketan. Baina ezin ahaztu gastronomiak Zapatu Erregularrean izan zuen presentzia, Kale Nagusiko gunean ohiko txistorra-pintxo, pintxo begano eta oilasko errea banatzeaz gain, Albiako gunean 400 lagun inguru elkartu ziren herri bazkari jendetsu eta animatuan parte hartzera. Baietz datorren urtean jende gehiago elkartu!

Sabelak beteta, kolorez jantzita eta kopla txikiak oraindik buruan heldu ziren Farolin eta Zaranbolas topa egitera eguerdiko 12:00etan Plaza Biribilera Zapatu Erregularrari hasiera ematera. Azken sasoiko giro eguzkitsuarekin bat egin eta distira kalera ekarri zuten herritarrek, Bilboko erdigunea kolorez jantziz. Mozorro kalejiran, konpartsez gain, mozorro indibidualak eta talde mozorro ugari hurbildu ziren haien lana eta koreografiak erakustera, guztira 50 taldek parte-hartu zuten. Parte-hartzaile ugariez gain ikuslez lepo egin zuten Kale Nagusi eta inguruek, guztion gozamenerako.

Atzera kontua bukatzean eta guneari itxiera emateko, 1985. urteko berreskuratutako lehenengo kopla txiki irabazlea abestu zuten bertan bildu ziren hiritar guztiek, Farolinen trikitixa eta Zaranbolasen ahots afinatuak lagunduta. Botila erraldoiari konfetti artean kortxoa kendu ondoren, Lekittoko Deabruekin batera kalejira desordenatuan jaitsi ziren denak Zazpi Kaleetara, Santiago Plazan jarritako Bilboko urez beteriko iturria hustera.

Eraso matxista

Halere, balantze honetan puntu beltzak ere badira. Aratusteetako domekan, gizon batek eraso matxista burutu zuen emakume baten aurka, Zazpi Kaleetan. Jai Batzorde Mistotik irmoki gaitzesten dugu egiten den eraso oro, eta azpimarratu nahi dugu emakumeon askatasuna urratzen duen jarrera bortitzen larritasuna, jaietan zein jaietatik kanpo burutu. Jai-esparruak, eta hiria bere osotasunean, emakumeontzako leku seguruak izan daitezen nahi dugu. Bitartean, autodefentsa eta elkarren babesa sustatzen eta erabiltzen jarraituko dugu, gozamena aldarrikatzen jarraituko dugu, iluntasunaren gainetik egongo gara, eta errespetua eta elkarren zaintza aldarrikatzen segituko dugu. Kaleak, gaua eta jaiak gureak ere baitira! Baietz barik, ezetz da!