Martxoaren 8ko mobilizazio eta ekitaldien harira, haietan “aktiboki” parte hartzeko gonbita luzatu die Bilboko Udalak herritarrei. Eudel Euskadi Udalen Elkartearen manifestua hitzez hitz berretsi du, zaintza lanak erdigunean jarri behar direla eskatuz. Manifestuak emakumeen lan-prekarietate eta pobrezia salatu behar direla aldarrikatzen du, indarkeria matxista guztien kontra borrokatuz; halaber, honekin lotzen diren beste hainbat indarkeriei uko egitea ere eskatzen du, arrazakeriari, esaterako.
Udalak, bestalde, pasa den urtean lehen aldiz antolatu ziren greba eta lan etenaldiek izandako erantzuna nabarmendu nahi izan du. Eskubideen aldarrikapenean “kaleak bete” ziren, eta aurten, “Bizitzak erdigunera” lelopean, beste horrenbeste egitera deitu du. Bestalde, 2018an “borrokak atzera bueltarik” ez duela frogatu zela azpimarratzen du manifestuan.
2019an, greba feministak zaintza lanen sozializazioa izango du jomuga. Bizitzak sostengatzeko lan ordainduak eta ordaindugabeak eremu pribatutik ateratzeko eta gizonek eta erakunde publikoek ardura zuzenak har ditzaten kontzientziatzeko egingo dute aurten emakumeek planto.