URTZ taldeak 'Zabaldu ateak' disko berria aurkeztu du Bira kultur gunean

uriola.eus 2019ko mar. 7a, 13:38

Bi urteko lanaren emaitza da diskoa; kontzertu bira martxoaren 22an hasiko dute, Bilborock-en.

URTZek zortzigarren diskoa, Zabaldu ateak, aurkeztu du Bilboko Bira kultur gunean gaur goizean. Disko berriak hamar kantu ditu, eta haien konposaketa eta grabazioa bi urtez luzatu da. Pello Ramirez eta Alex Sarduiren kolaborazioak ditu. Etenaldiaren ostean, eraberrituta bueltatu da taldea: Xabi Camarero izan ezik, gainontzeko kideak berriak dira. Taldeko jatorrizko abeslari eta gitarristarekin batera Ander Hurtado de Saratxo (bateria eta perkusioan), Dani Vicente (gitarran) eta Jorge Sánchez (baxuan) arituko dira taldeak martxoaren 22an Bilborock-en hasiko duen biran.

Taldekideetan ez ezik, ekoizpenetan ere berritasuna dakar URTZen etapa honek, kide berrien eta soinu teknikariaren eskutik. Hala ere, oinarrian taldearen betiko arrastoa nabari da: rock estiloa da nagusi. Camarerok esan bezala, “disko guztietan sartzen” dute baladaren bat, eta oraingokoa Argia abestia izan da. Oro har, abeslari eta kantuen egile den Xabi Camarerok diskoaren gai orokorra “bizitza” dela azpimarratu du, eta asmoa entzuleak haiek ekoiztutakotik interpretazio pertsonala egitea dela. Hala ere, albumari izena ematen dion kantak, Zabaldu ateak-ek, gai konkretua jorratzen du, eta hala adierazi du taldeak ere prentsaurrekoan: Europak migranteekin duen jarrera salatzea du helburu.

URTZ taldea martxoaren 22an hasiko da lan berriaren kontzertuekin. Bilboko Bilborock aretoan joko dute; ondoren, promozio bira txikia abiatuko dute, Euskal Herriko zenbait lekutatik igaroko dena. Birako kontzertu gehienak uda garaian emango dituzte. Prentsaurrekoan, kanta berrietako hiru abestu dituzte, akustikoan.