Imanol Agirre: "Euskal kultura inoiz baino sendoago dago"

uriola.eus 2019ko mar. 11a, 11:11

Bihar hasiko da Bilboko Loraldia Festibala eta hilabete luzez, apirilaren 7ra arte, iraungo du festibalaren 5. edizioak. Edizio honetan, euskal kultur unibertsoaren 30 ekintza inguruk osatuko dute programa, Bilboko hamabi leku ezberdinetan garatuko direnak.

Bihar abiatuko da 2019ko Loraldia. Bira! Kultur Gunean izango da eta bertan Iñigo Aranbarri idazleak Joseba Sarrionaindiari buruzko hitzaldia emango du. Hortik aurrera, apirilaren 7ra arte hainbat ekintza desberdin antolatu dituzte. Imanol Agirre Loraldiko zuzendariak argitu duenez: "Gure lan egiteko nortasuna urtero jende ezezaguna plazan jartzea da eta arriskuak hartzea."

Izan ere, Euskal artistentzat erreferentziazko ekimena bilakatu da; publikoak urtez-urte babesa adierazten du; eta erakunde publikoen eta eragile pribatuen laguntza bilatzeari ekiten dio Elkarteak. Guztira, 30 ekitaldi desberdin antolatu dituzte. "Urtero zerbait berri ekartzen dugu, Loraldia berritzailea da eta etorkizunari begira jartzen gara" azaldu du Imanolek.

Eta hauek gogora ekartzeko ikuskizun bereziak prestatu dituzte, beste izen handi batzuen parte hartzearekin, besteak beste: Eñaut Elorrieta, Ruper Ordorika, Bernardo Atxaga, Miren Agur Meabe, Mikel Urdangarin, Miren Narbaiza – MICE-, Ines Osinaga, Joseba Irazoki, Xabi Paya, Sustrai Colina, Juan Carlos Perez, Natxo de Felipe, Itxaro Borda, Miren Amuriza, Mursego, Iratxe Fresneda… Ehun artista baino gehiagok parte hartuko dute Festibalean.