Juan Antonio Bayonak FANT Bilboren 'Fantastikoaren izarra' saria jasoko du

uriola.eus 2019ko mar. 11a, 12:36

El Orfanato”, “Lo imposible” edo “Un monstruo viene a verme” lanen zuzendariak Bilboko jaialdiaren amaiera ekitaldian jasoko du ohorezko saria, maiatzaren 10ean, 20:00etatik aurrera, Guggenheim–Bilbao Museoan.

Maiatzaren 2tik 11ra bere 25. edizioa ospatuko duen Bilboko Zinemaldi Fantastikoak – FANTek, J. A. Bayona Bartzelonako zuzendariari emango dio FANTastikoaren Izarra saria, fantasiazko generoaren barruan maisutasuna eta arrakastaz betetako ibilbidea aintzatetsi gura duen ohorezko saria. Zinegileak jaialdiaren amaiera ekitaldian jasoko du saria, maiatzaren 10ean, 20:00etatik aurrera, Guggenheim Museoan.

Bilboko jaialdiak zinegile katalanaren maisutasuna eta talentua aintzatetsi gura ditu sari horrekin, izan ere, ibilbide emankorra eta meteorikoa egin du generoaren barruan, dagoeneko kultukoak diren filmekin. Hori dela eta, egungo zine fantastikoaren maisu nagusietakoa da.

Juan Antonio Bayona (Bartzelona, 1975) zuzendaritzan graduatu zen ESCACen (Escola Superior de Cinema i Audiovisuals de Catalunya) eta bertan sari asko lortu zituzten “Mis vacaciones” (1999) eta “El hombre esponja” (2002) film laburrak egin zituen.

Irakasle gisa aritu zen ESCACen bertan, eta lan horrekin batera ibilbidea egin zuen publizitatean eta bideo musikaletan. Gaur egun, oraindik ere, aldian behin egiten ditu horrelako lanak. Arlo horretan pop nazionaleko artista esanguratsuenetako batzuekin egin du lan, Fangoriarekin, Camelarekin, Enrique Búnburyrekin edo OBKrekin, besteak beste. Azken horiekin 2000. urteko klip onenaren Ondas saria lortu zuen. Nazioartean, Ingalaterrako "Q" musika aldizkariak 2012ko klip onenaren saria eman zion, Keane taldearentzat egin zuen “Disconnected” piezarengatik.