Bilboko zubiak beteko dituzte euskal preso gaixoen alde larunbatean

uriola.eus 2019ko mar. 14a, 18:39

Sarek sustatutako elkarretaratzea 12etan hasiko da eta, ondoren, Deustuko eta San Antongo zubietatik martxak abiatuko dituzte.

Sare euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko mugimenduak 'Ni Zu Bi' ekimena antolatu du larunbaterako, larriki gaixo dauden euskal preso politikoen askapena eskatzeko. 12:00etan, Bilboko zazpi zubitan -Deustukotik San Antongo zubiraino- elkartzeko deia egin du; jatorriaren arabera -datorren Bilboko auzoaren edo Bizkaiko eskualde edo udalerriaren arabera, alegia- zubi batera edo bestera hurbildu beharko da manifestaldian parte hartu nahi duen oro. Esaterako, Santutxukoei, Lea Artibaikoei eta Bilbo Zaharrekoei San Antongo zubia egokitu zaie.

12:30ean, Deustuko eta San Antongo zubietatik Plaza Biribilerantz joko duen martxa abiatuko da, eta, handik, Arriagara jaitsi eta han bukatuko da manifestaldia. Honen harira, larriki gaixo dauden hainbat presoren senideek haien askapena eskatu diete “botere publikoei”, “urgentzia eta beharra” dagoela argudiatuz.