Xabi Solanok 'Inpernuko' proiektuaren azken emanaldia eskainiko du igandean Arriaga Antzokian

uriola.eus 2019ko mar. 14a, 11:53

Trikitiaz eta akordeoiaz gain, irudi proiekzioak, dantza, sketch-ak, DJa eta antzezpena uztartzen ditu ikuskizunak.

Xabi Solano Esne Beltza taldeko kidearen 'Inpernuko' proiektuaren azken saioa igande honetan, martxoak 17, ikusi ahal izango da Arriaga Antzokian. 19:00etan hasiko da emanaldia. Sarrerak 7 eta 16 euro bitartean eskuratu daitezke Internet bidez, telefonoz eta antzokiko txarteldegietan.

Proiektua trikiaren figura historiko guztiei eskainitako omenaldia da. 'Esne zopak' diskoaren harrera onak bultzatutako emankizuna da, eta Felisa, Epelde, Iturbide eta beste hainbat trikitilari ekartzen ditu gogora. Baina ikuskizunean trikitia eta akordeoia ez dira protagonista bakarrak izango. Irudi proiekzioak, dantza -Edu Muruamendiarazen eta Uxue Urruzolaren eskutik-, sketch-ak, Zigor Lampre “DZ” DJaren emanaldia eta Mikel Laskurain eta Ana Elordiren antzezpenak ere ikusi ahal izango dituzte Arriagara hurbilduko direnek.