'Blas de Otero-Bilboko Hiria' nazioarteko poesia sariaren XII. edizioa

uriola.eus 2019ko mar. 14a, 12:05

1916ko martxoaren 15ean poeta Bilbon jaio zen urteurrenarekin bat etorriz, Bilboko Udalak eta Blas de Otero Fundazioak, edozein nazionalitate duten edo edozein lekutan bizi diren egileei zuzendutako “Blas de Otero-Bilboko Hiria” Nazioarteko Poesia Sariaren hamaikagarren ediziorako jatorrizko lanak aurkezteko epea zabalduko da bihar.

Literatur sariketak 5.500 euroko bi sari banatuko ditu, epaimahaiaren iritziz hoberenak diren bi poema bildumentzat, euskarazko eta gaztelaniazko modalitateetan. Lehiaketara aurkezten diren lanak jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izan behar dira, eta beste ezein sariketan saririk edo accesitik jaso gabeak. Halaber, ez dira jatorrizko lan gisa onartuko aurkezten den modalitateko hizkuntzara beste hizkuntza batetik itzulitako lanak.

Lanek 700 bertso izango dituzte gutxienez, eta 1.000 gehienez, eta gaia, errima eta neurria libreak izango dira. Lehiaketaren oinarriek ezartzen dutenez, jatorrizko lanak formatu digitalean baino ezin izango dira bidali, Bilboko Udalaren webgunearenbitartez, maiatzaren 30a baino lehen.

Blas de Otero-Bilboko Hiria Saria 2008an jarri zuen martxan Bilboko Udalak, literatur sorkuntza sustatzeko eta hiriko egile garrantzitsuenetako baten figura eta lana bertako biztanleengana hurbiltzeko.

Aurreko edizioan, gaztelaniazko modalitateko irabazlea Ángela Álvarez idazle madrildarra izan zen, “Palabra vegetal” poema liburuarekin, eta Paula Rodríguez Miñambres Barakaldoko poetak irabazi zuen euskarazko sari nagusia, “Oroimenaren Xaflakortasunaz” lanari esker. 753 poema liburu aurkeztu ziren –17 euskaraz– horietako asko Europatik eta Latino Amerikatik bidalitakoak. Horrek argi eta garbi erakusten du erabat finkatuta dagoen sariketaren nazioarteko izaera.