Youtube plataforman sortzeko ikastaroak antolatu dituzte Bilboko Udalak eta Azkue Fundazioak

uriola.eus 2019ko mar. 15a, 10:31

'B-Tuber' egitasmoan izena emateko epea astelehenean zabaldu eta martxoaren 31n itxiko da. Ikastaroan parte hartzea doakoa da.

Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza Sailak eta Azkue Fundazioak 'B-Tuber' ikastaroak antolatu dituzte. Doakoak dira, eta martxoaren 18tik 31ra izena eman ahal izango da. Egitasmoa bi ikastarok osatzen dute: batetik, 'Oinarrizko Youtuber Lantegia'-k, plataforman kanal bat eta bideoak sortzen ikasteko, eta, bestetik, 'Youtuber Lantegi Aurreratua'-k, plataforma jada ezagutzen dutenei eta bideoen edizioan moldatzen direnei zuzendua. Ane Atxutegik eta Ane Iturriartek zuzenduko dituzte ikastarook.

Euskararen Etxeak hartuko ditu 'B-Tuber' proiektuko ekintzak. Oinarrizko lantegia apirilaren 23 eta 24an edo 25 eta 26an egin ahal izango da, 9:30etik 13:30era. Lantegi aurreratua apirilaren 25 eta 26an baino ezin izango da egin, aurrekoaren ordutegi berean. Plazak mugatuak dira, eta Bilboko Udalaren webgunean eman daiteke izena.