Artea eta literatura uztartuta Azkuna Zentroan

uriola.eus 2019ko mar. 15a, 11:06
Iturria: Azkuna Zentroa

'Inoiz ez erreala/Beti egiazkoa' erakusketa inauguratu dute, eta bi diziplinak harremanetan jartzen dituzten 13 artisten lanak konektatzen ditu. 

Azkuna Zentroak 'Inoiz ez erreala/Beti egiazkoa' erakusketari hasiera eman dio. Zentroak ekoiztutakoa da, eta Iván de la Nuez saiogile eta kritikoak komisariatu du. Xabier Salaberriak 13 artisten obrekin sortutako pieza da erakusketaren ardatza. Ekoizle horiek guztiek ulertzen dute artea genero literario bezala eta literatura erakusketa-proiektu bezala, eta Salaberriak horien ekoizpenak uztartu ditu, artearen eta literaturaren sinbiosia erdietsiz.

Kontzeptu antzekoak jorratuko dituen Gutun Zuriaren atarian aurkeztu da erakusketa. Literatur jaialdia apirilaren 2tik 6ra izango da eta, egun horietan, erakusketa aretoan doako bisitak antolatuko dira egunero. Horietatik kanpo, ostegunero arratsaldeko zazpietan egingo dira.

 

Erakusketa lautan dago banatua. Hauek dira zatiak:

1. aldea: Liburua marraztu. Glenda León / Verónica Gerber Bicecci / Gonzalo Elvira.

Gelditasunarekin identifikatu arren, liburuak mugitzen direnean euren irakurleak mugiarazten dituzte. Horiek hegaz egiten badute, aurrez liburuek hegaz egin dutelako da. Mintzaira berri bat ematen badigute, aurrez liburuetan hiztegia astindu delako da. Dimentsio honetan Glenda Leónek, Gonzalo Elvirak eta Verónica Gerber Biceccik irakurtzeko dugun erosotasuna eten, eta liburuetan dauden munduetara eramango gaituzte arrastaka.

2. aldea: Politika itzuli. Kiko Faxas / Cristina de Middel / Oier Etxeberria.

Diskurtso politikoa soinua da, mihi zatibitua. Bigarren irakurketen mende beti, behar izanez gero bigarren bertsio bat berridazteko prest beti. Baina arterik burutsuenak aurkakoa egiten duenean mendekua gozatzen duena da. Hau da, agit prop bere arauen arabera likidotzen duenean. Cristina de Middel, Kiko Faxas eta Oier Etxebarria hiru bide ezberdinetatik abiatzen dira; kontzertua, festa edo musika dira politika likidotzeko moduak, eta arteak disonantziarako duen eskubidearen erakusgai ere bai.

3. aldea: Paisaia idatzi. Guillem Nadal / Alicia Kopf / Kurt Caviezel.

Nietzscheren arabera, artelanik hoberenak beren burua egiten dutenak dira. Hori horrela bada, itsasaldiak, sumendiak edo mendi baten narriadurak ere artea lirateke. Amaitu gabeko estetikak, eta, ondorioz, akatsik gabeak. Nola ahaztu “behin betirako amaitu gabeko” obra batean zegoela Duchampen ideala? Guillem Nadal, Kurt Caviezel edo Alicia Kopf dira premisa honekin bat egin dutenak, kokapen desberdinetatik. Paisaiak bere kabuz eraikitzen duen artea hartzen dute, eta euren idazkera pieza horietan ostatatzen da, beharbada horren itzultzaile soil gisa.

4. aldea: Istorioak lekualdatu. Valérie Mrején / Joan Fontcuberta / Mabi Revuelta.

Non amaitzen da literatura eta non hasten da artea? Nola idazten dira literaturaren hitzak eta nola egiten da, Artauden erara, artearen marrazkia? El libro que vendrá lanean Blanchotek garrantzia kentzen die galdera hauei eta bi munduak amalgamatu egiten ditu. Erantzun hori euren egiten dute Marc Saporta, Lucy R. Lippard edo Enrique Vila-Matasek ere. Nortasun bikoitz honek definitzen ditu Valérie Mréjen, Joan Fontcuberta edo Mabi Revueltaren obra eta biografia.