Pisu turistikoak kudeatzen dituen enpresa baten aurkako ekintza burutu du Piztu Bilbok

uriola.eus 2019ko mar. 20a, 17:24

‘Piztu Bilbo, itzali eskaparate hiria!’ margotu dute People Rentals “Alquiler Vacacional” enpresako bulego baten leihoetan. Ekintzak “gentrifikazioa salatzea” du helburu.

Piztu Bilbo mugimenduak ‘Piztu Bilbo, itzali eskaparate hiria’ leloa pintatu du gorriz pisu turistikoak kudeatzen dituen People Rentals “Alquiler Vacacional” enpresako bulego baten leihoetan. Bart burutu dute ekintza. Enpresari “hiriko hainbat auzo jasaten ari diren gentrifikazio prozesuen atzean dagoen indarretako bat” izatea egotzi diote.

Mugimenduak, bestalde, “turistifikazioa, gentrifikazioa eta espazio publikoaren merkantilizazioa” salatu ditu, oro har, pintaketa hauekin. Ildo honetatik, Piztu Bilbok kalejira antolatu du martxoaren 30ean. 20:30ean Unamuno Plazatik abiatuko dira “auzoak eta hiria bizitzeko beste modu bat” aldarrikatzeko.