Azkue Fundazioak apirilaren 4an emango dio bukaera Blogetan! lehiaketari. Horretarako, blogek ematen dituzten aukera anitzen inguruko hitzaldiak antolatu dituzte Euskararen Etxean eta, ondoren, sariak banatuko dituzte. 15:30etik 18:30era bitartean izango den jardunaldia, ‘Blogak testutik harago’ leloduna, Ioar Oteiza komunikazio adituarekin hasiko da.
Ondoren, Tania Arriaga EHUko irakasleak podcast-ei buruz hitz egingo du eta Esti Beraza Sorrarainek eta Aare Castillak (TaZebaEz kolektiboko kideek) ‘Visual Thinking’a izango dute hizpide. Bestalde, Gorka Bereziartua Argiako kazetaria ‘Creative Commons’ lizentzia librearen inguruan arituko da, Hedoi Etxarte Katakrak-eko kideak webgunea eztabaidagune bezala azalduko du eta, bukatzeko, blogari eta irakasle Imanol Epelde bideo-blogei buruz mintzatuko da. Jardunaldiak Argia aldizkariaren laguntza jaso du.