AIKO Taldeak Korrika Kulturalerako ekoiztutako "Garaikideak" ikuskizuna hartuko du Nafarroako Agoitzeko Kultur Etxeak igandean, martxoaren 24an. "Dantza entzungarri eta musika ikusgarri" egitea du helburu, ekoizleen arabera, eta horretan arituko dira oholtzara igoko diren lau musikari eta sei dantzariak. 19:00etan hasiko da emankizuna.
"Garaikideak, dantza entzun dezagun" lana Durangoko Azokan aurkeztu zen pasa den urte bukaeran, eta Berriozarren izan zen lehen emanaldia, otsailean. AIKO Taldearen ildoetatik at kokatzen den emanaldia da hau, andana erromerietan, dantza ikastaroetan eta hedapen eta ikerketa jardueretan aritzen baita sarrien. Oraingoan, ordea, oholtzara igo dira. "Iturri zaharretatik ur freskoa eta berria" edaten duen "Garaikideak" da desbideratze horren emaitza.