Loraldiak hiru ikuskizun antolatu ditu asteburu honetarako

uriola.eus 2019ko mar. 22a, 12:22

Bestalde, Mikel Lertxundi mundu-mailako sonadun eskultore bizkaitarraren obren erakustaldia ikusi ahal izango da larunbatetik aurrera.

Asteburuan ere Loraldiaz gozatu ahal izango da. Gaur, 11:00etan -ikasleak- eta 19:30ean, Elkano Fundazioak babestutako Mundubira ikuskizuna ikusgai egongo da Itsas Museoan. Iñigo Aranburu, Xabier Ortuzar, Ainara Ortega eta Nerea Alberdi aktoreek Juan Sebastian Elkanorekin batera munduari buelta eman zioten euskaldunak gogora ekarriko dituzte, musika eta bakarrizketak tartekatzen diren antzezlanean.

Larunbatean, "Munduko Poesia Kaia" hartuko du Itsas Museoak, beste behin, 20:00etatik aurrera. Bidebarrieta kulturguneak eta Susa argitaletxeak elkarlanean ekoiztutako ikuskizunak argitaletxeko 'Munduko Poesia Kaierak' bilduman kaleratutako poemak izango ditu ardatz. Bestalde, Mikel Lertxundi eskultore berriatuarraren kale-erakusketari hasiera emango zaio. Bilbok hartzen duen euskal artista baten lehen kale-erakusketa da, eta apirilaren 23ra arte egongo da ikusgai.

Igandean, hainbat euskal kulturgilek Verdes liburudenda zenari egindako omenaldia hartuko du Arriaga Antzokiak, goizeko 12:30etik aurrera. 1973. urtean zabaldutako lokalari euskaragatik egindakoa eskertuko diote Bernardo Atxagak, Natxo De Felipek, Puper Ordorikak, Juan Carlos Perezek, Miren Agur Meabek, Joseba Sarrionandiak eta Patxo Telleriak.