Arteak Ireki plataformak kultura babesten eta sustatzen dituzten lokalen aldeko ekimena burutu du

uriola.eus 2019ko mar. 25a, 11:48

Arteak Ireki plataformak deituta, Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren Lege berriaren auka herriz herriko mobilizazioak egin dituzte asteburu honetan. 'Hartu zure kultura espazioa' izan da erabili duten leloa eta Bilbon Bira Kultur Gunean batu dira.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren Legea garatzeko Erregelamendua onartzen duen dekretua aurkeztu zuen otsailaren 5ean. Honek, Udalerri guztietako lokal eta tabernei eragiten die, eskaintza kulturalari mugak ezarriz; herri eta auzoetako jaiak edo elizetan egiten diren abesbatzak ere tartean daude.

Legediak lizentziarik gabeko taberna eta lokaletan egiten diren jendaurreko ikuskizunei dagokienez, zera dio: “Bakarrik emango dira baimenak ikuskizun puntualetarako, horrelakotzat ulertuz behin egitearekin agortzen direnak, ohikoak, errepikatuak edo aldizkakoak ez direnak. Ohikotzat joko dira urtean 12 aldiko gehieneko maiztasuna gainditzen duten jarduerak, eta ez dago hil berean 2 baino gehiago baimentzerik”.

Gaur egun, taberna eta lokal txikietako jarduerak areto edo egitasmo handiagoetakoen osagarriak dira; kultura-ekosistemaren ertz batean daude. Bilbok baditu hamaika lokal txiki, eta horietako batean bildu ziren larunbateko ekimenean, Bira Kultur Gunean alegia. Bertan, Zea Mays, Doctor deseo, Revolta Permanent... eta beste hainbat talde legedi horren kontra azaldu ziren.

Segurtasun Sailetik jakitera eman dutenez, urtean gehienez hamabi jarduera egitearen muga hori kentzeko bideari hasiera emango diote. Hala ere, legediak aurrera egingo du. Lutxo Egiak azaldu zuenez: "Gure hiriak eta herriak, itxura morfologikotik haratago, lurralderik gabeko lurraldeak dira. Herritarrok gure hitzekin, gure keinuekin, gure mugimenduekin eraikitzen ditugu etengabe. Baita kultura-jarduerekin ere. Kulturarekin batez ere. Txikitik handira eta handitik txikira, sare mugagabe bat ehuntzen dugu."