Miribillako polizia-egoitzako ateak irekiko dituzte larunbatean

uriola.eus 2019ko mar. 26a, 10:16

10:00etatik 14:00etara irekiko dituzte Miribillako Komisaria Nagusiko ateak, herritarrei erakustearren udaltzaingoaren lana eta polizia-instalazioak. Bisita gidatuak eskainiko dira eraikinaren barrualdea erakusteko.

Datorren larunbatean, martxoak 30, Bilboko Udaltzaingoak Ate Irekien Jardunaldi bat egingo du Miribillako Komisaria Nagusian, herritarrek aukera izan dezaten polizia-instalazioak bisitatzeko eta bertatik bertara ezagutzeko udaltzaingoak gauzatzen dituen eginkizun batzuk eta besteak. Jardunaldi hau Bilboko Udalak Udaltzaingoaren 175. urteurrena ospatzeko programatutako ekitaldien artean dago.

Bilboko Udaltzaingoa 1844ko azaroaren 8an sortu zen, Federico Victoria de Lecea alkatearen eskutik. Izan ere, tokiko erakunde moderno bat sortu zuen 12 agenterekin. 175 urte ondoren, Bilboko Udaltzaingoa aldatu egin da eta gaur egun tokiko polizien erreferentea da hurbiltasun eta gertutasuneko politikarekin.

Urte berezi hau ospatzeko, Bilboko Udalak herritarrentzako zenbait ekitaldi egin nahi ditu. Udaltzaingoak herritarrei zerbitzua emateko xedea du, eta pertsonak eta ondasunak babesten ditu. Hori dela-eta, bilbotar guztiekin partekatu nahi dute urteurren berezi hau. Izan ere, 12 agenterekin hasi zen, eta 800 agente baino gehiago dauzka orain: zer hazkunde profesional izan duen jartzen du agerian, beti herritarren zerbitzura.

Jardunaldia martxoaren 30ean izango da, zapatuan, goizeko 10:00etan hasi eta 14:00etara arte. Bi gune bereizi izango dira ospakizun-jardunaldian.