'Bilbao Art District 2019' aurkeztu dute

uriola.eus 2019ko mar. 26a, 09:59

Maiatzaren 2tik 12ra Bilbao Art Districten Arteen Astea antolatuko da Bilbon. Berrogeita hamar esku-hartze artistiko, bisita gidatu, tailer, jardunaldi, hitzaldi eta kontzertu baino gehiago egongo dira hiriko arte-espazioetan, mundu guztiarentzat doan irekita egongo direnak.

Maiatzaren 2tik 12ra, Bilbao Art District 2019ren Arteen Astearen beste edizio bat hartuko du Bilbok. Hamaika egunetan berrogeita hamar ekintza baino gehiago abiaraziko dira Bilboko hainbat espaziotan, besteak beste, esku-hartze artistikoak, erakusketak, bisitak, tailerrak, jardunaldiak, hitzaldiak eta kontzertuak. Mundu guztiarentzat pentsatu dira, eta doan izango dira.

Bilboko Udaleko Kultura Arloko zinegotzia den Nekane AlonsoBilbao Art Districten Arteen Astearen zazpigarren edizioaren aurkezpenean egon da gaur goizean Azkuna Zentroan. Ediziorik luzeena izango da aurtengoa.

Hiriko udalak bultzatzen duen ekimena da Bilbao Art District, eta MawaTres artista eta Andrea Estankona ikertzailea izango dira komisarioak. Bilboko arte bisualetako hainbat eragilek hartuko dute parte bertan, hala nola Bilbao Arte, Azkuna Zentroa-Bilboko Alhondiga, arte-ekoizleak, galeriak edo EHUko Arte Ederren Fakultatea. Helburua da hiribildua herritarrak, artistak, arte galeriak, kultur eragileak, ekoizpen zentroak, museoak, unibertsitatea, sektorearen profesionalak eta modu batean ala bestean artearen munduarekin zerikusia duen pertsona eta erakunde oro elkarrekintzan aritzeko ingurune bihurtzea.

Hauexek izango dira hamaika egun hauetako artelanak hartuko dituzten espazioetako batzuk: Azkuna Zentroa-Bilboko Alhondiga, Bilboko Arte Ederren Museoa, Zabalguneko eraikina, Mesedeetako zubia, Erriberako zubia, Bilboko Itsas Museoaren zabaldegia, Areatzako estalpeak, Abandoibarra, Casilda Iturrizar parkea eta Bilboko beste parke batzuk, arte-galeriak, Bilbao Arte, Rekalde Aretoa eta EHUko Arte Ederren Fakultatea

Bilbao Art District proiektua Arteen Astea baino haratago doa; hain zuzen ere, sektore artistikoa mugiarazi nahi du, eta artea urte osoan zehar sortzea, erakustea eta merkaturatzea. Jarraipen-lana da, eta herritar guztiei nahiz kultura eta sormen eragile nahiz profesionalei irekiko zaie.