"Bilbao 2020 Eurokopa honi ez" dinamika sortu dute

uriola.eus 2019ko mar. 27a, 11:31

2020ko ekaina eta uztaila artean, UEFAk Eurokopako 16. edizioa ospatuko du. Espainiako futbol federazioak bere proposamena egin ondoren, Bilboko San Mames  futbol zelaian taldeen faseko 3 partida eta final zortzirenetako partida bat jokatuko direla erabaki dute.

Egoera honen aurrean "Bilbao 2020 Eurokopa honi ez" dinamika sortu dute. Atzoko aurkezpenean azaldu zutenez: "Euskal selekzioari ofizialtasuna ukatzen zaion bitartean, gure zapaltzaile zuzenak diren Espainiako eta Frantziako Estatu burgesen selekzioek Bilbon jokatzeko aukera izango dute, euskal burgesiaren babesarekin nahi ez dugun txapelketa inposatuz."

Horrez gain, "Eurokopan, kapitalismoak sistema heteropatriarkal eta binarioa emakumearen irudia darabil gizonezkoen kontsumorako, iragarki matxisten bidez kasu. Aurretik aipatutako menperatzearen baitan, emakume prekarizatuenak izango dira bertan gehien sufrituko dutenak (garbitzaileak, ostalariak, putak,...). Makroekitaldi hauek dira hain zuzen ere emakume langileen prekarizazioa areagotzeko eta burutzen duten lana gutxiesteko modua kirolean eta bereziki futbolean." adierazi zuten.

Hori dela eta, Eurocopa honi ez esateko batu dira eta dei egin diete "Euskal Herri langileari kapital basatiaren eraso eta nazio zapalkuntza berri honi aurre egitera" eta hurrengo deialdietan eta ekintzetan parte hartzera.