Helduen euskalduntzea EAEn unibertsala, doakoa, publikoa eta kalitatekoa izatea eskatu dute

uriola.eus 2019ko mar. 27a, 16:35

Gasteizko Legebiltzarrean “Euskara jakiteko eskubidea bermatzeko Legea” eztabaidatzen hasiko diren garaian, LAB Sindikatuak helduen euskalduntzeak unibertsala, doakoa, publikoa eta kalitatekoa izan behar duela aldarrikatu du.

Euskara EAEko berezko hizkuntza da, hizkuntza propioa, 1982ko Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizko Legeren arabera. Ofizialtasun horrek herritarrei onartzen die euskara jakiteko eta erabiltzeko eskubidea. Eta era berean betebehar bat ezartzen die botere publikoei: Botere publikoek eskubide horiek bermatu behar dizkiete herritarrei.

Hori kontuan hartuta, sindikatuak  euskara hizkuntza normala eta normalizatua izan dadin klabea da botere publikoek herritarrak euskararen ezagutzara erakartzea eta euskara jakiteko baliabide errealak, doakoak, publikoak eta kalitatekoak eskaintzea eskatu du. 

Adierazi dutenez, "LABen iritziz, helduen euskalduntzearen sektoreak eraldaketa sakona behar du eta legebiltzarreko alderdiei helarazi dizkiegu gure proposamenaren oinarriak". Sindikatuak, Euskal Herrian helduen euskalduntzeko eta alfabetatzeko 4 oinarri hauek proposatu ditu:


• Unibertsala izan behar da: euskal herritar orok du euskara ezagutzeko eskubidea eta botere publikoek hori bermatu behar dute 

• Doakoa izan behar da: pertsona baten euskalduntze-prozesua noiz bukatzen den zaila bada ere zehazten, Europako Hizkuntzen Erreferentzia Markoan oinarrituta, herritarrek euskalduntze-prozesu osoa amaituta izango dute erabiltzaile gaitua direnean, hau da, C1 maila gutxienez lortzen dutenean.

• Publikoa izan behar da: Helduen euskalduntzea bermatzea botere publikoei dagokie; eta LABen iritziz, publikotasuna bermatze aldera, helduen euskalduntzea Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailean kokatu behar da. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari dagokio, sistema antolatzea eta kudeatzea, finantzatzea, titulazioak kudeatzea, baliabide didaktikoak eta pedagogikoak bermatzea eta sortzea, irakasleen etengabeko formazioaz arduratzea, langileak kudeatzea …

• Kalitatekoa izan behar da: kalitatekoa bai erabiltzaileentzat, zein langileentzat.