Maite Larburuk 'Hezurren azpian' diskoa aurkeztuko du gaur Azkuna Zentroan

uriola.eus 2019ko mar. 28a, 09:45

Abesti berriak interpretatuko ditu, guztiak euskaraz eginak. Bakarkako lehen diskoa du.

Maite Larburu musikariak 'Neighbor' taldearekin lortu zuen sona, duela jada sei urte. Orain, bakarka dabil, eta ibilbide berriaren emaitza, 'Hezurren azpian' bakarkako lehen lana, Azkuna Zentroan aurkeztuko du gaur, 19:30ean. Harekin batera, Ubane Uzin Gaztelupeko Hotsak diskoetxeko arduraduna, Jon Eskisabel BADOK atariko arduraduna eta kazetaria eta Amaia Ocerin Loraldia Festibalaren komunikazio arduraduna arituko dira. Prentsaurrekoaren ondoren, kontzertua emango du Larburuk.

Herbehereetako bizilekua utzi eta Euskal Herrira bueltatu da musikari euskalduna, eta disko berria jaioterrira itzultzearekin oso lotuta dago. Horren adierazlerik nabarmenena, abesti guztiak euskaraz izatea. Bestalde, 'Neighbor' taldearekin eginikoen antza du. Izan ere, taldearen hirugarren diskorako pentsatutako ekoizpen batzuk sartu ditu 'Hezurren azpian' honetan. Hala ere, berrikuntzak ere badakarzki. Oro har, Larburuk, abesteaz gain, bibolina, gitarra elektrikoa, gitarra klasikoa eta xilofoia jotzen ditu.