Ekitaldia BBK aretoan izan da, iluntzeko 19:00etan. Bertan izan dira Asier Amondo 21. Korrika arduraduna, eta Mertxe Mugika AEKren Koordinatzaile Nagusia, AEKren Artezkaritza Kontseiluko kideek lagunduta. Eurekin batera, 100 gonbidatutik gora izan dira: euskalgintzakoak, hedabideetakoak, alderdi politikoetako ordezkariak, sindikalgintza, eragile sozialak eta hamarnaka lagun gehiago.
Ekitaldi xumea izan da, 21. Korrika Garestik abiatzeko astebete eskas falta denean. Oholtzan, Mertxe Mugikak aipatu duenez, «euskararen normalizazioa ez da etorriko soilik norbanakoon konpromisoetatik, baizik eta normalizazioaren ikuspegi hori gizartearen atal guztietan, modu transbertsalean txertatuta».
Asier Amondo Korrika arduradunak adierazi du Klika dela «hautua egitea, euskararen aldeko hautua, konpromisoa». Euskararen egoerak baduela zer hobetua ekarri du gogora eta, beraz, «gero eta beharrezkoagoa da Klika egitea».
Ane Zabala kazetari eta aktorea aritu da aurkezpen lanetan, eta Kimu txalaparta-taldearen eta Ane Artetxe arpistaren parte-hartzea ere izan da.