'San Mamesen ere lehenengo berba euskaraz' Atheticeko emakumezkoen partidan

uriola.eus 2019ko mar. 29a, 11:49

Martxoaren 31n, domeka, San Mameseko sarreretan 14.000 eskuorri banatuko dira partidara datorren jendearen artean. Xedea da euskararen erabilera sustatzea, baita kirolean eta aisialdian ere.

Bilboko Udalak, Athletic Clubekin elkarlanean, euskara sustatu nahi du kirolean eta aisialdian. Domeka honetan, Athleticeko nesken taldeak Levanteren aurka San Mamesen jokatuko duen partidan, berriz jarriko da abian euskararen aldeko ekimena, herritarrak animatuz lehenengo berba euskaraz egin dezaten beti. Gainera, ekimen honetan euskara eta berdintasuna uztartuko dira.

Horretarako, domekan, martxoak 31, Athletic eta Levanteren arteko partidan, eskuorri batzuk banatuko dira, "San Mamesen ere…lehenengo berba euskaraz" goiburuarekin. Aldi honetarako, 14.000 eskuorri argitaratuko dira eta San Mameseko sarrerako ateetan banatuko dira, zaleak futbol-zelaira sartu behar duten unean. 40 pertsona arduratuko dira mezua talde bietako zaleei helarazten eskuorriaren bidez.

Ekimenaren goiburua “San Mamesen ere… lehenengo berba euskaraz” da. Eskuorri hau publizitatea baino gehiago da. Ondo pasatuz, herritarrek eguneroko bizimoduko arlo guztietan euskaraz egin dezatela du xede; eta oraingo honetan futbolaren munduan eragin gura izan du kanpainak.

Pertsona-kopuru handiak mugitzen ditu kirolak eta horietako askok euskaraz jakin arren, ez dute erabiltzean. Bilboko Udalak eta Athletic Clubak adore eman gura die herritarrei lehen berba beti euskaraz egin dezaten. Horretarako, eskuorrian esaldi hauek irakurriko dira: “Orain, emakumeak zelaian daudela, Athletic askoz gehiago da. Eta askoz hobea. Elkartzeak, parte hartzeak eta berdintasunak hobetu egiten gaituzte. Eta euskarak ere batu, hurbildu eta hobetu egiten gaitu”. “Hizkuntzan, kirolean bezala, egitea da garrantzitsua, parte hartzea…”

Duela hilabete antzeko ekintza egin zen Athletic eta Eibarren arteko derbian. Eta orain berriro egin nahi izan da Athleticeko nesken taldeak domeka honetan San Mamesen jokatuko duen partidan, goiburu berarekin: “San Mamesen ere… lehenengo berba euskaraz”.