Zortzi eskaintza aukeran asteburuan ere Loraldiaz gozatzeko

uriola.eus 2019ko mar. 29a, 13:16

Helduentzako zein umeentzako ekintzak egongo dira, eta musika izango da, batez ere, protagonista.

Asteburu honetan ere, Loraldiak jarraitzen du. Gaur arratsaldetik igande arratsaldera bitartean zortzi ekintza programatu dituzte. Gaur, Azkuna Zentroak Belatza taldearen 'Orhi' diskoaren aurkezpena hartuko du, 20:00etan.

Larunbata ekitaldi gehien ospatuko diren eguna da, bost egongo baitira. 'Sagutxo tuntuna' umeentzako antzerkia goizez eta arratsaldez ikusi ahal izango da -11:00etan zein 17:00etan- Azkuna Zentroan. Bilborock-en, berriz, lau proposamen antolatu dira: 18:00etan Dena Bilbao kolektiboak Street Dantzeko tailerra eta erakustaldia eskainiko ditu; ondoren, 19:00etan, Sopelako institutuko 3. DBHko eta Barakaldoko Beurko institutuko Arte Batxilergo ikasleek burututako 'Kamara Sartu' proiektuaren ondorio bisualak ikusi ahal izango dira; bukatzean, 20:00etan, Euskal Herriko BeatBox Txapelketaren laugarren edizioa ospatuko da; hiru ekitaldi hauek doakoak izango dira. Bilborock-ek Aiamaren eta Aneguriaren kontzertua ere hartuko du larunbatean, 22:00etan, ordainpekoa hau -8 euroan daude sarrerak-.

Igandean, Galde Perez antzerkigileak Garazi Goia eta Goizalde Landabasoren arteko eskutitzak oholtzara igoko ditu '1362 km euri' performance literarioan. Itsas Museoan ikusi ahal izango da, goizeko 12:30ean. Arratsaldean, 19:00etan, Hibai musikagileak bigarren lan grabatua aurkeztuko du Euskalduna Jauregian, eta hogei bat partaide bilduko ditu kontzertuan.