Bilbao Hiria Pop-Rock lehiaketan izena emateko epea hasi da

uriola.eus 2019ko api. 1a, 18:13

Maiatzaren 5era arte egongo da zabalik; urban, metal edo pop-rock modalitateak daude aukeran, eta bakarka zein taldeka hartu daiteke parte.

Gaurtik, apirilaren 1etik, maiatzaren 5era arte zabalik egongo da Bilbao Hiria Pop-Rock lehiaketan izena emateko epea. Gazte ez-profesionalen lana sustatu eta haien talentua zabaltzea helburu duen lehiaketak hiru modalitate izango ditu: Urban -rap edo reggae musikak, esaterako-, Metal -heavy-a edo metal alternatiboa barnebiltzen dituena, besteak beste- eta Pop-Rock -instrumentala edota rock and rolla, adibidez-. Parte hartzaileak banaka edo taldeka aurkez daitezke, eta 18 eta 35 urte bitartekoak izan behar dira -talde bakoitzeko 35 urtetik gorako kide bakarra onartuko da-.

Udalak banatuko dituen sariak ekonomikoak izango dira, baina ez dira bakarrak: hiru modalitateetan, irabazleari 4.000 euro emango zaizkio, bigarrenari 2.000 euro eta hirugarrenari 1.300 euro. Gainera, epaimahaiak 1.000 euro emango dizkio Bizkaiko talde edo bakarlaririk onenari. Bestalde, sari ekonomikoak ez ezik, ikastaroak, tailerrak, kontzertuak, bideoklipen grabaketak eta elkarrizketak egongo dira jokoan. Bilboko Udalaren webgunean dagoen formularioa betez aurkeztu ahal izango da lehiaketara, hurrengo baldintzak betez: lehiaketaren aurreko edizioetako edozein modalitatetan lehen saria irabazi ez izana eta abesti originala aurkeztea.