FANTek hiru erakusketa inauguratuko ditu 25. urteurrenerako

uriola.eus 2019ko api. 1a, 18:14

Abandoko eta Zazpikaleetako Udaltegietan eta Zazpikaleetako metro geltokian egongo dira ikusgai bihartik aurrera.

Zinemaldi Fantastikoa-FANTen 25. edizioa maiatzaren 2tik 11ra ospatuko da, baina, hasi aurretik, beste ekintza batzuk antolatuko dira jaialdiaren harira. Bihar, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zine Astearekin elkarlanean ekoiztutako bi erakusketa hasiko dira Abandoko eta Zazpikaleetako Udaltegietan. Abandon, 'Mil gritos en la noche' Pedro Usabiaga argazkilari gipuzkoarra komisario duen argazki erakusketa ikusi ahal izango da. 70eko hamarkadan Espainiako beldurrezko zinean aritu zirenak izango dira irudien protagonista.

Bestalde, Burtsakoa (Zazpikaleak) Julio César Iglesiasen eta Raquel Lagartoren 'Mary Shelley: La muerte del monstruo' lan ilustratuan oinarritzen da. Egilearen eta munstroaren biografia espekulatiboa da; erakusketak Raquel Lagartos komikilari eta ilustratzailearen zenbait irudi biltzen ditu.

Hirugarren erakustaldiak ere bihar irekiko ditu ateak. Zazpikaleetako metro geltokian, Unamuno plazako irteeran, FANTen 25 edizioetako karteletako batzuk egongo dira ikusgai. Haiekin batera, hainbat nazioarteko zine pertsonalitateen argazkiak ere egongo dira, jaialdian egon zirenekoak. Hiru erakustaldiak maiatzaren erdialdera arte bisitatu ahal izango dira.