Armagintza, gastu militarra eta gerraren kontrako XII martxa antolatu dute

uriola.eus 2019ko api. 4a, 12:06

Hamaikagarren Bizi Martxa apirilaren 6an izango da. Goizeko 11:00etan abiatuko da Bizkaiko Foru Aldundiaren jauregitik. Bertan ekingo zaio bidea Barakaldoko Precicast PCB armagintza lantegirantz; Bizkaia Zubitik pasatuko dira eta Getxon bukatuko da, Sener enpresa armamentistaren aurrean.

Hurrengo apirilaren 6an, larunbata, “Armagintza, gastu militarra eta gerraren kontrako XII martxa” egingo da. Bizkaiko zenbait kolektibo antimilitarista, ekologista eta nazioarteko elkartasun taldek bultzatutako ekimena da.

Aurten ekimen honek zentzu berezia izango du: Egun horietan NATOren 70. urtemuga ospatuko da. 1949. urteko apirilaren 4an sortutako erakunde honi, Euskal Herriko biztanleen %65ek argi eta garbi ezetz esan zioten 1986. urtean ospatutako erreferendumean.

Aurkezpenean adierazi dutenez: "egungo errealitate gordinaren aurrean murrizketak, pentsioak, berdintasun politika, gizarte-zerbitzu, edota egoitza duinerako sarbidean honekin aurkitzen gara: militarismoari bideratutako errekurtsoak handitzen ari dira."

Ekimen honekin salaketa bikoitza egin nahi dute: Alde batetik gastu militarrerako eta armagintza bultzatzeko euskal instituzioek gero eta diru gehiago desbideratzen dutela, eta beste aldetik euskal armagintza. Izan ere, euskal armagintzan 100 enpresak inguru hartzen dute parte. Ekoizpenaren %80 inguru Arabia Sauditaren antzeko herrialdetara esportatzen dute eta horren ondorioz Yemen bezalako herriek ondorioak pairatzen dituzte.