Gaur, zazpi urte bete dira Iñigo Cabacasek heriotza eragin zion gomazko pilotakada jaso zuela eta bihar 13:00etan ICCHko lagunek gogoratuko dute Kirrulin “Justizia, aitortza, erreparazioa” lelopean. Egun hartan, Athleticek Schalke 04 mendean hartu zuen Europa Leagueko final laurdenetan eta zale zurigorria sailkapena ospatzen ari zen Kirrulu inguruan, Ertzaintzaren karga hasi zenean.
Epai-osteko lehen omenaldia
Aurtengo ekitaldia berezia izango da, pasa den udazkenean sei ertzainen aurkako epaiketa egin zelako Bizkaiko Audientzia Probintzialean. Orduan, epaileak bi urteko zigorra ezarri zion ofizial bati eta beste bost akusatuak absolbitu zituen. Era berean, epaian azpimarratu zuen Erantzaintzaren ikerketa “eskasa” izan zela eta haren jokaera “neurriz kanpoa”. Horiek horrela, Jone Goirizelaiak, Cabacas familiaren abokatuak, iragarri zuen helegitea aurkeztuko asmoa dutela.