Berri Txarrak taldeak Bilbon beste kontzertu bat eskainiko du

uriola.eus 2019ko api. 8a, 10:13

Uztailaren 14an Kobetamendin joko du Lekunberriko taldeak, saio berezia izango da, BBK Live jaialdiaren ostean. Sarrerak eguerdian jarriko dituzte salgai.

Berri Txarrak taldeak Ikusi Arte Tour biran zale guztiak taldea ikusteko aukera izango zutela iragarri zuen biraren aurkezpenean. Kontzertu erraldoi bat egiteko lanetan ibili dira azken hilabeteetan eta atzo plazaratu zuten data eta lekua.

BBK Live jaialdiaren eszenatokia eta azpiegitura erabiliko dituzte jaialdia bukatzen denean, uztailaren 14an, domekan, kontzertua egiteko. Izan ere, Kobetamendiko landan 50.000 zalerentzako tokia dago. 

Pasa den urtean BEC betetzeko gai izan ziren. Kontzertu hartan 18.000 bat zale bildu egin ziren, sarrerak agortuz. Oraingoan, apustua bikoitza izango da, biraren aurkezpenean azaldu zuten bezala, taldea ikusi nahi duen orok aukera edukitzeko. Sarrerak gaur eguerdian jarriko dituzte salgai.