Sare Herritarrak, euskal presoek pairatzen duten espetxe politika salatu du asteburu honetan Bilbon. Horrekin batera, kartzela bera eta presoen egoera salatu dute, presoaren osasun egoeran duen eragin kaltegarria eta aldi berean, jasatzen duten osasunerako eskubidearen urraketa, apirilaren 7a Osasunaren Nazioarteko eguna dela baliatuz.
Azaldu dutenez, euskal presoak kartzelan sartu zituztenetik 1.gradua ezarri zitzaien, gaur arte kasu gehienetan, 20 ordu ziegan eta 4 ordu patioan. Bataz beste 20 bat urte daramate kartzelan, beraien herritik eta senideengandik 600 km.etara urrunduta, adinean gero eta nagusiagoak, kasu askotan isolatuak edota bakartuak eta zigorren luzapena aplikatuta.
Guzti honek, beraien osasun egoeran zuzeneko eragin kaltegarria duela argitu dute, gero eta preso gaixo gehiago sortarazten. Jada 33 euskal presohil dira, 21 presondegian eta beste 12 presondegitik atera eta berehala. Azkena, urtarrilean gertatutakoaren kasua, Oierrena izan da. Egun, 21 dira kartzeletan larriki gaixo diren presoak 15 zerrenda publikoan agertzen direlarik eta beste 6, berriz, momentuz ixilean gorde nahi dutenak.
Espetxe politika behin betikoz desagertarazteko eta Giza Eskubidearen, konponbidearen eta Bakearen alde aurrera egiteko euskal preso gaixo larriak etxera etortzeko eskatu dute igandeko ekintzetan.