Bilbao 700 Fundazioak antolatzen duen Bilbao Arte Sakratua (BAS) jaialdiaren hamabosgarren edizioa gaur hasiko da, ‘Egurra eta soka’ izenburupean. Aurten nazioarteko ospea duten tradizio handiko taldeek parte hartuko dute jaialdian, apirilaren 9tik 16ra bitartean, Atxuriko Gizakunde Elizan. Lehendabiziko kontzertua Bilboko Koralaren eskutik izango da iluntzeko 20:00etan.
Musika eta espazioa:
Bilboko Koralak txango bat proposatzen du XIX. mendetik gaur arteko musika polikoral espiritualean barrena. Txango horretan lagun izango dute organo eramangarri bat, Otxandioko organo-jole Sergio del Campok egina, eliz musika koralarekin hain estu lotuta dagoen Euskal Herriko organogintza tradizioaren erakusgarri. Kontzertu honetako errepertorioko piezek behako bat ematen diote iraganari.
Denboraldiz denboraldi, talde honek emanaldi ugari eskaintzen ditu, bai hiriko auditorio handietan (adibidez Euskalduna Jauregian, Arriaga Antzokian edo Campos Elíseos Antzokian), eta bai sarrera libreko espazioetan, non aukera baitu hiritar guztiengana hurbiltzeko. 100dik gora kiderekin, bidelagun izan ditu Espainiako orkestra ia guztiak eta baita ere nazioarteko orkestra ospetsuenak.