Xatiro raperoak 'Beldurrik gabe' abesti berria aurkeztu du

uriola.eus 2019ko api. 9a, 11:41

Bilboko rap abeslaria den Unai Hernandez Undak, Xatiro ezizenaz ezaguna dena, bere proiektu berriaren bigarren kanta aurkeztu du gaur, Beldurrik Gabe izena duena eta espaziotik bidaiatzera gonbidatzen gaituena. 

Unai Hernandez Unda (Bilbo 1983), Xatiro ezizenarekin hasten da rap munduan 2003. urtean Kukutza III gaztetxeko entsaio lokaletan. Horietan Fenomenos de la Naturaleza (FDLN) rap taldea sortzen da eta Xatirok, taldearekin rapa entsaiatu eta gero, bere parte bilakatzen da 2004. urtean, 3 disko kaleratuz.

2012.urtean, ikasketak bukatuz, taldea uztea erabakitzen du rap abeslariak eta rap munduan bidea egingo zuela jakin barik, bere lehenengo letrak idazten hasten da. Hilabeteak pasa ahala, Undak, oso argi dauka bere bakarkako lana nola bideratu nahi duen, hau da, pelikula baten forma eman nahi dio bere hasiera, korapilo eta amaierarekin. Aldi berean, zein motatako bideoklipak egin nahi dituen pentsatzen hasten da lehenengo bozetoak marraztuz.

Xatirokeriak diska (Aresan eta Ruben G. Mateos ekoiztuta) 2016ko Apirilan plazaratzen da eta, lanarekin batera, berak zuzendutako bideoklipak argitaratzen ditu sortzaileak. 2019. urtean, bere bigarren proiektua abiarazten du, diska fisikoa atera beharrean, bi hilabetero abesti bat aurkeztuz. Urte honetako otsailean, “Como Deadpool” abestia argitaratzen du Xatirok, proiektuari hasiera ematen dion lehenengo kanta. Gaur, bere proiektuaren bigarren kanta argitaratu du: “Beldurrik gabe”.

Abesti honetan, aurrekoarekin egin zuen gisa, bidai bat proposatzen du Xatirok, espaziotik bidaiatzeko alegia, amets egiteko, espazio-ontziak gidatzeko, ilargian dantzatzeko edota planeta bitxiak aurkitzeko gonbitea luzatzen du rap abeslariak “Beldurrik gabe” abestiarekin. Abestiarekin, Xatirok beldurra alde batera uzten, nostalgia gainditzen eta egoera berriak bizitzen eta esperimentatzen animatzen du jendea. Abestiaren ekoizpenaz, beste behin ere, Ruben G. Mateosek arduratu da eta abestian Salda Dago abeslariaren kolaborazioa izan du.