Euskal esperientzia komunitarioak aztertuko ditu ‘Bizitzak eta lurraldeak’ nazioarteko konferentziak

uriola.eus 2019ko api. 9a, 08:41

Euskal Herriko esperientzia komunitarioei erreparatuko die “Bizitzak eta Lurraldeak” nazioarteko konferentziak. Gaurtik, apirilaren 9tik 11ra bitartean, Euskal Herrian garapenarekin eta eraldaketa sozialarekin loturiko esperientzia komunitario aberatsak aztertuko dituzte, Bilbon, EHUren Bizkaia Aretoan.

Iratzar Fundazioak hartu du aurten Europako Transform Sarearen lekukoa nazioarteko konferentzia antolatzeko. UPV/EHU, Olatukoop eta Partehartuzek ere heldu diote erronka honi, garrantzi berezia duen gaia lantzeko. Izan ere, Euskal Herrian udalgintza, tokiko garapena edo ekonomia eraldatzailea konbinatzen dituzten esperientzia ugariren sorlekua izan da. Aurreko hamarkadetan esperientzia komunitario kopuru handia metatu du gure herriak, oraindik ere behar besteko arretaz aztertu ez duguna eta bere neurrian baloratzen ez dakiguna. Atzera begirada horrek etorkizuna irudikatzeko balio digu.

Azken batean, Europako hainbat eragilekin batera, gogoeta sustatu nahi du ‘Bizitzak eta Lurraldeak’nazioarteko konferentziak, Euskal eragile sozial, politiko, ekonomiko eta sozialekin partekatzeko. Momentu historiko honetan dauzkagun erronkak kontuan hartu eta etorkizunari aurre egiteko.

Hiru eguneko konferentzia izango da. Lehen egunean, apirilaren 9an, arratsaldeko 16:30etan, eremu berri baterako tresna teorikoak aztertzeko hainbat saio izango dira. Jule Goikoetxea (EHUko irakaslea), Imanol Esnaola (Gaindegiako zuzendaria), Beñat Irasuegi (Talaios kooperatiba), Jone Etxeberria (filosofo eta ekintzailea), Joan Subirats (UABko katedraduna eta Ada Colauren aholkularia) eta Iñaki Soto (Filosofoa eta Gara egunkariko zuzendaria) izango dira hizlariak.

Biharamunean,apirilaren 10eko goizean, Iruñeko udaletxera bisitaegingo da. Arratsaldean, galdera honi erantzuten ahaleginduko dira bertaratuak: “Nola uztartzen dira tokiko garapena, udalgintza eta ekonomia eraldatzailea?”. Lehendabizi, Joseba Garmendia (EHUko irakaslea), Patri Perales (Iruñeko zinegotzia) eta Karlos Renedoren (arkitektoa eta Hiritik At kooperatibako kidea)arteko solasaldia izango da. Ondoren, Ivan Miró soziologo eta ekintzailearen hitzartzea izango da, Bira Kultur espazioan.

Hirugarren eta azken egunean, apirilaren 11an, knowledge/noodles metodoaren bitartez, eremu komun bat aurkitzen ahaleginduko dira hainbat gairen inguruan Euskal Herriko eta Europako bederatzi aditu.Ondoren, Ivan Miró eta Amaia Perez Orozko(ekonomialari feminista) etorkizunari begira jarriko da. Arratsaldean, bukaerako hausnarketa eskainiko dute Pello Otxandiano herrigintzan arituak eta Ulrik Kohl Kopenhageko zinegotziak. Ondoren, “Herritartasun berri bat definitzen ari gara?” galderari erantzungo diote Pastora Filigrana (feminista eta SATeko abokatua), Susanne Schultz (Rosa Luxemburg fundaziokoa) eta Andoni Olariagak (filosofoa eta Iratzar fundazioko kidea).