Eguerdi partean heldu da Korrika Bilbora. Zorrotzatik sartu da eta lau orduz Bilbo osoari bira eman dio lekukoak. Izan ere, Bilboko barruti guztietatik pasa da Korrika. Ibilbidea honako hau izan da: Zorrotza, Olabeaga, Indautxu, Errekalde, Irala, Miribilla, Bilbo Zaharra, Abusu, Bolueta, Txurdinaga, Otxarkoaga, Txurdinaga, Santutxu, Begoña, Uribarri, Zazpikaleak, Abando, Indautxu, Deustu, Ibarrekolanda, San Inazio eta Elorrieta.
Guztira 88 lekuko aldaketa egon dira Bilbon. Politikariak, jai batzordeak, euskalgintzako lantaldeak, elkarte eta eragileak, ikastetxeak, konpartsak... denek eduki dute aukera lekukoa eramateko. Horien artean, Bordillo Aplastao gurpil-aulkidunen elkarteak Kale Nagusian egindako txanda nabarmendu daiteke.
Lau ordu horietan euria izan da protagonista, ia atertu gabe. Hala ere, jendeak korrika egiteko oinetako erosoak jarri eta ekimenarekin bat egin du. Santutxun, Uribarrin, Alde Zaharrean eta Deustualdean ikaragarria izan da Korrikak jaso duen babesa. Une batzuetan pilaketak egon dira, baina jardunaldia inolako arazo gabe joan da, jai giroan.