“Zure Fest. Musika eta Gazte Kulturaren Jaialdia” antolatu dute

uriola.eus 2019ko api. 12a, 10:38

Bilbo Zaharreko eta San Frantziskoko kolektiboekin zerikusia duten 12 gaztek egun honetako jarduerak diseinatu eta antolatu dituzte.  Maiatzaren 11n, hainbat ekitaldi egingo dira Bilborock-en eta Martzana kaian: feminismoari buruzko tailer bat, “afrohouse”ri buruzko beste bat, musika-emanaldiak auzoko artisten eskutik eta “mikro irekia”, gazteen hainbat diziplinatako (poesia, bakarrizketak, musika, magia, dantza edo performance-ak) emanaldi laburrak eskaintzeko.

Maiatzaren 11n, 18:00etan hasita San Frantzisko auzoan “Zure Fest. Musika eta Gazte Kulturaren Jaialdia” festa giroko jardunaldia egingo da. Auzoko gazteak izango dira protagonista eta eurek diseinatu dituzte artearen, musikaren eta kulturaren bidez auzoa ezagutarazteko ekitaldiak. Bertaratzen diren guztientzako ekitaldiak dira.

"Diseinatu zure ekitaldia!" programaren barruan dago. 12 gaztek, inguruko kultur eragileen eta Bilboko Udalaren laguntzarekin, egun honetako jarduerak diseinatu eta antolatu dituzte. Horretarako gazte taldeak 11 asteko iraupena izan duen prestakuntzako tailer bat egin du; tailer horretan prestakuntza jasotzeaz gain, “Zure Fest. Musika eta Gazte Kulturaren Jaialdia” jaialdia sortu, diseinatu eta ekoiztu egin dute.

Modu honetan Bilboko Udalak parte hartzea, ekintzailetza, sormena eta esperientzien trukea sustatu nahi ditu 18 eta 35 urte bitarteko gazteen artean, eta, aldi berean, ahaldundu eta tresnak eskaintzen zaizkie, etorkizunean beren ekimenak kudeatu ahal izan ditzaten. Beste helburu batzuk ere baditu ekimen honek: auzoak duen estigma kentzea, beste auzo batzuetakoak erakartzea, gazteak artearen mundura hurbiltzea eta auzoko gazteen parte-hartze aktiboa sustatzea.

EGITARAUA

Bi zati izango ditu egunak: “Parte hartu eta ezagutu auzoa” eta “Ondo pasatu”. Hasteko, tailer bi egingo dira, helburu izango dutenak auzoko errealitatea ezagutaraztea eta hari buruz hausnartzea; gazteek euren trebetasun artistikoak erakusteko espazioa ere egongo da. Ondoren, musika emanaldiak eta emanaldi barre-eragileak Bilborock-en, auzoko artisten eskutik.

Ekitaldi honek inguruko merkatarien eta ostalarien inplikazioa izan du.

“Parte hartu eta ezagutu auzoa”

18:00etatik 02:00etara

Tour: Degust San Fran Daztatu, inguruko merkatariak eta ostalariak.

18:00etatik 19:00etara

Feminismoari beste begirada bat tailerra, Raizes-en eskutik, Histeria Kolektiboan. Martzana kaia.

19:00etatik 20:00etara

Afrohouse-ko masterclass Martzana kaian (euria bada, Bilborock-en).

20:00etatik 21:00etara

“Mikro Irekia”. Jarduera hau 18 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago; deialdia eginda, aukera izango dute 10 minutuz hainbat diziplinatan duten trebezia erakusteko: poesia, bakarrizketak, musika, magia, dantza, performance-ak… Martzana kaian (euria bada, Bilborock-en).

Jarduera honetan parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute maiatzaren 5a baino lehenago, lotura honetan https://forms.gle/fxJsud6sijGR3Z7x8 dagoen formularioa beteta. (Parte hartzeko oinarriak ere badaude)

“Ondo pasatu” 
21:00etatik 02:00etara
Bilborock-en:

21:30 – 02:00
La Cris
Hakima Flissi + DJ
Dj Tiki Boom (cumbia feminista)

Ekitaldi honek inguruko merkatarien eta ostalarien inplikazioa izan du. Esku-orri bat banatuko da, ekimenaren informazioarekin, mapa bat jardueren ibilbidearekin eta lekuekin, eta babesle diren lokalekin ere. Gainera, lokal horietan hartzen den kontsumizio bakoitzeko pegatina bat emango zaie partaideei, horrela, 4 pegatina izanda oihalezko poltsa bana oparituko zaie ekimenaren logoarekin, poltsak agortu arte.