uriola.eus

Malin Moström eta Billy McNeillek jasoko dute aurtengo One Club Award saria

  Jendartea  Bilbo

Malin Moström izar suediarra izango da One Club Woman Award saria jasotzen duen lehen emakumea. Billy McNeill, Celtic taldeko kapitain mitikoak, jasoko du aurtengo One Club Man Award saria, bere taldearekin 882 partida jokatu zituen.

Malin Moström bere herrialdeko emakumezkoen futbolaren erreferentzia handienetako bat izan da azken urteotan. Umeå IK taldean 1995ean debuta egin zuenetik 2006an erretiroa hartu zuen arte, ibilbide osoa talde berean egin du hamabi denboralditan zehar, beraz, club horren ikonoa izan da.

Jokalari ohi honek bai banakako sariak bai taldekakoak jaso ditu. Malin Moströmek zelai erdian jokatu ohi zuen, eta XXI. Mendearen lehen hamarkadako Suedia zein Europako emakumezkoen futbolean Umeå IK taldeak erakutsitako nagusitasuna ulertzeko Malin Moströmen ekarpena ezinbestekoa da. Eskandinaviar selekzioak epe horretan bizi izandako sasoia ere Moströmen eredu honekin hobeto uler daiteke.

Umeå IK-rekin, sei aldiz irabazi zuen Damallsvenskan liga txapelketa eta Suediako Kopa beste lau aldiz. Hala ere, bere garaipenik arrakastatsuenak 2003 eta 2004 urteetan lortu zituen Danimarkako Fortuna Hjörring eta FFC Frankfurt alemaniarren aurka Txapeldunen Liga irabaziz.

Suediar selekzioarekin 113 nazioarteko partida jokatu zituen, eta 2003. urtean Munduko txapeldunordea izan zen AEB-n aurka galdu ostean (Txapelketako Hamaikakoan hautatu zuten). 2001. urtean Europako txapeldunordea ere izan zen Alemaniaren aurka galdu ostean, eta 2004ko Olinpiar Jokoetan (Atenas) laugarren postua erdietsi zuen suediar selekzioarekin.

2001. urtean Suediako jokalari onena izendatua zuten eta 2003, 2004 eta 2005 urteetan erdilaririk onenaren garaikurra jaso ostean, profesional modura futbola utzi zuen eta IK Umeå taldeak 6 zenbakidun elastikoa betirako baztertu zuen. Edonola ere, hilabete batzuk geroago, 2007. urteko ekainean, aste pare baterako kontratua egin zioten bere betiko taldeari laguntzeko prest agertu eta gero; izan ere, Umeå IK taldeko Frisk eta Ljunberg jokalariak min hartuta zeuden.

BILLY McNEILL, CELTIC-EKO KAPITAIN MITIKOA

Athletic Clubak, 2019ko One Club Man Award saria Celtic FC taldeko William McNeill (1940/03/02) kapitain mitikoari ematea erabaki du. Kirol ibilbide guztia Glasgow-ko taldean egin zuen atzelari eskoziarra da elastiko zuri-berdearekin partida gehien jokatu duen jokalaria, 822 neurketa 18 denboralditan alegia.

Billy McNeill OCM saridun izendatzearen arrazoia banakako ibilbide apartaz haratago doa, eta “Lisbon Lions” (Lisboako Lehoiak) modura ezagutu zen talde gogoangarriari omenaldia egiteko aukera ere bada. Celtic ahaztezin hark 1967ko Europako Kopa Helenio Herreraren Inter Milanori irabazi zion (2-1) jokalari eskoziarrek soilik osatzen zuten hamaikakoarekin (futbolari guztiak Glasgow inguruko 50 kilometrotan jaioak ziren).

Lurraldetasun oinarria, Athletic Clubak bere historia osoan zehar defendatu duena eta gaur egun Europako ordezkari bakarra izanik, Billy McNeill-ek defendatzen du inork baino hobeto Celtic-eko zaleentzako. 

Egun Billy McNeill-ek dementzia pairatu eta osasun egoera makalean dagoenez ezingo du saria San Mamesen bertan jaso Matt Le Tissier, Paolo Maldini, Sepp Maier eta Carles Puyol-ek egin zuten moduan. Datozen egunetan, Athletic Clubak jakitera emango du OCMA saria noiz eta nola emango zaion McNeill haundiari

Gogoan izan Billy McNeill Celtic taldearen eperik loiratsuenean zuri-berdeen kapitaina izan zela (60 eta 70. hamarkadak), ondoz ondoko 9 Liga eta 13 Eskoiziako txapelketa irabazi zituelarik. Edonola ere futbol-zale guztion oroimenean egongo da beti 1967ko Europako Koparen final gogoangarri hartan eskoziarrek egindako balentria (talde britainiar batek lortutako lehena).

Eskoziako selekzioarekin nazioarteko 29 neurketa jokatu zituen, eta futbola utzi zuenean Celtic-eko legendak bere talde kuttuna 9 denboralditan zehar zuzendu zuen (1978tik 1983ra, eta 1987tik 1991ra). Epe honetan Eskoziako 4 Liga irabazi zituen, eta 1987/88 denboraldian (Celtic-en mendeurrena ospatzen zen urtean) Liga eta Kopa bikotea irabazi zituen. Clyde, Aberdeen, Manchester City eta Aston Villa taldeak ere zuzendu zituen McNeill-ek.

2009. urteaz geroztik, Iribarrek Athleticen egiten duen moduan, Celtic taldearen enbaxadore bihurtu zen. Bere bihotzeko klubean jokalari eta entrenatzaile modura 60 urte baino gehiago egin ostean, 2015. urtean Celtic Park zelaian bere omenezko estatua eraiki zen, non Billy McNeill marra horizontal zuri-berdeak dituen elastiko bereziarekin jantzita Europako Kopa harro altxatzen agertzen den.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa