Khalid El Haddadi, Berebar jatetxeko kudeatzazilea, Marokon atxilotu dute

uriola.eus 2019ko api. 16a, 11:22

Khalid El Haddadi, Rifeko ekintzailea, oso ezaguna da Bilbon San Frantzisko auzoko Berebar jatetxea kudeatzen duelako eta EH Bilduren hautagaia da hurrengo udal hauteskundeetan. Bere amaren hiletara zihoala Marokoko segurtasun indarrek atxilotu dute.

Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak jakinarazi duenez, Marokoko segurtasun indarrek, muga zeharkatu bezain laster atxilotu dute. Adierazi dutenez, bere amaren hiletara joateko bidaiatu du Marokora. Izan ere, pasa den ostiralean hil zen Haddadiren ama, eta Alhucemas herrira bidean zihoan.

Khalid El Haddadi Rifeko ekintzailea da. Bilbo Zaharrean bizi da 90eko hamarkadaz geroztik, eta ezaguna da hirian San Frantzisko auzoko Berebar jatetxeaz arduratzen delako. Horrez gain, pasa den astean aurkeztu zuten EH Bilduren listan agertzen da. Beraz, hautagaia da hurrengo udal hauteskundeetan. 

Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak argitu duenez, Marokok ez dio atxilotuari emandako tratuaren berri eman Espainiako kontsulatuari. Horregatik, Plataformak Haddadik ezin izan duela bere abokatuarekin egon salatu du, eta ez daukate Khaliden egoeraren berri.

Atxiloketa hau gaitzesteko eta bere lagun eta senitartekoei babesa adierazteko, elkarretaratze bat antolatu dute San Frantzisko plazan, iluntzeko 20:00etan. Baina, senitartekoek eskatuta, elkarretaratzea BERTAN BEHERA uztea erabaki dute.